Ongi hasi du erregional mailako 2014-2015 denboraldia Etxarri Aranatzek. Lehenengo partidan Arrotxapearekin bina berdindu eta gero, larunbatean 1-2 irabazi zion Donezteberi. “Partida borrokatua izan zen, polita. Galtzen hasi ginen, baina erremontatu genuen eta, azkenean, irabazi. Ongi hastea inportantea da, gehiago motibatzen zaitu. Jendea gogoz dago eta ea horrela jarraitzen dugun. Baina liga oso luzea da…” dio Etxarri Aranatz Futbol Taldeko lehendakariorde Iñaki Elvirak.
Erregional mailako IV. multzoan lehiatzen ari da Etxarri, Altsasurekin batera. Aurten entrenatzaile berria dute, duela hiruzpalau urte Etxarrin ere entrenatzaile izan zen Fernando Montori. “Iazko entrenatzaile David Martinezi lan eskaintza egin diote eta Txinara joan da. Hortaz, Montori dugu entrenatzaile berria” adierazi du Elvirak. Horretaz gain, futbol taldean ez dago aldaketa aipagarririk. “Taldearen oinarria aurreko urteko taldea da. Jubenil mailatik 2 jokalari igo dira, Andoni Goikoetxea eta Iñaki eta iaz Lagun Artean aritu zen Xabat Goikoetxea etxera bueltatu da. Horretaz gain, aurreko urteko guztiek jarraitzen dute. 20 jokalariko talde sendoa da. Jokalari gehienak 19-25 urte artean dabiltza eta horiei beteranoagoak gehitu behar zaizkie. Jendea konprometituta dago, txukun entrenatzen, gogoekin eta ea zer moduz doakigu aurten” gaineratu du Elvirak.
Taldekideak sakandarrak dira. “Beti izan dugu nahiago bertako jokalariekin taldea osatzea” dio Elvirak. Sakanan goiko kategorietan 3 talde daude, Lagun Artea, Etxarri eta Altsasu, eta taldeak ateratzea “nahikoa lana” ekartzen duela azpimarratu du Elvirak.
Helburuak
Etxarriren helburua lehen 5 postuetan sailkatu eta preferente mailara igotzea izango da. Hurrengo denboraldian 3. mailaren eta preferente mailaren artean kategoria berria sortu du Nafarroako Futbol Federazioak, kategoria autonomikoa. Hori dela eta aurtengo denboraldian kategorietan mugimendua egongo da, taldeen dantza. Preferentera igotzeko aukera gehiago dago, erregionalean sailkatzen diren lehen 5 taldeak zuzenean igoko baitira. “Printzipioz Aurrera, San Jorge, Doneztebe, Arrotxapea eta Altsasu taldeek beharko lukete faboritoak izan, iaz aurrean egon zirelako edo preferente kategoriatik datozelako. Guk ere goian egon beharko genuke. Baina hori teoria da. Liga oso luzea eta gogorra da, eta sarritan espero ez dena gertatzen da, akaso aukera gutxi zuen taldea ongi aritzea. Hortaz, ikusiko dugu zer gertatzen den” dio, zuhurtziaz, Iñaki Elvirak.
100 neska-mutiko inguru
Erregional mailako taldeaz gain, Etxarrik 2.mailako jubenilen taldea du (Josu Murgiondo entrenatzailea, Jose Guillormeren laguntzarekin), kadete mailakoa (Iñaki Elvira entrenatzailea, Jokin Ganuzaren laguntzarekin), haurren mailakoa (Francisco Gomez entrenatzailea, Xabier Errazkinen laguntzarekin eta futbol 8 mailakoak (Jurgi Kintana entrenatzailea, Poxen laguntzarekin). Guztira 100 neska-mutiko inguru biltzen dira taldean.
Klubaren zuzendaritzari dagokionez, ez dago aldaketarik. Eduardo Elso da presidentea, Iñaki Elvira presidenteordea, idazkaria eta diruzaina, eta Jose Guillorme, Xabier Errazkin, Francisco Gomez, Josu Murgiondo eta Jose Javier Urkia bokalak. Josu Murgiondok du oinarri-futboleko taldeen ardura. Etxarri futbol klubaren denboraldiko aurrekontua, talde guztiena, 12.500 eurokoa da.
Etxarri Aranatz. Talde erregionala 2014-2015
Atezainak: Iban Gorriz eta Urko Resano.
Atzelariak: Luis Goñi, Xabier Urrestarazu, Markel Erdozia, Unai Artieda, Alberto Garziandia eta Iñaki.
Erdilariak: Pablo Jauregi, Mikel Goikoetxea, Aritz Ikobalzeta, Asier Urkia, Gentza Erdozia, Asier Arratibel, Alain Iriarte eta Andoni Goikoetxea.
Aurrelariak: Javier Rueda, Eduardo Elso, Oier Huizi eta Xabat Goikoetxea.
Entrenatzailea: Fernando Montori.