Nafarroako txapela janzteko hautagai nagusia dela erakutsi du Nazabalek

Guaixe 2014ko irailaren 22a

Nafarroako I. Mailako Aizkora Txapelketaren kanporaketa irabazi zuen atzo Uharte Iruñean

Euskal Herriko Maila Nagusiko finalerako sailkatu ondoren, Floren Nazabalek Nafarroako I. Mailako Aizkora Txapelketaren kanporaketa jokatu zuen atzo, igandean, Uharte Iruñeko Toki Alai pilotalekuan. Zazpi aizkolarik hartu zuten parte kanporaketan: Floren Nazabal, Jon Rekondo, Ruben Saralegi, Ander Erasun, Donato Larretxea, Oihan Larretxea eta Julen Kañamares.

Aizkolariek bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat erdibitu behar izan zituzten, finalean egin beharreko lanaren erdia. Bi multzotan aritu ziren lanean. Floren Nazabal zen kanporaketa irabazteko faborito nagusia. Etxarriko txapeldun handia osasun arazoekin ibili zen aurreko astean Euskal Herriko kanporaketan, baina zalantza guztiak urratu zituen etxarriarrak, kanporaketan jaun eta jabe izan baitzen (14:42). Hori bai, aizkolari gazteak ere bere lekua egiten ari dira. Nazabalen atzetik sailkatu ziren Rekondo (15:33), Saralegi (15:55), Erasun (16:31), Oihan Larretxea (17:14), Kañamares III.a (17:29) eta Donato Larretxea (17:31). Lehendabiziko bostak urriaren 5ean Etxarri Aranatzen jokatuko den Nafarroako final handirako sailkatzea lortu zuten. Bestalde, Antonio Senosiainek eta Manolo Kañamaresek uko egin zioten finalean aritzeari, eta hori dela eta, maila galduko dute. Aldiz, Juan Jose Lopezek ezin izan zuen parte hartu osasun arazoak direla medio.