Asteburuan hasi zen udako denboraldiko azkeneko pilota feria, Logroñoko San Mateo garrantsitsua. Binakako Torneoan ordezkari sakandar bakarra izango dugu, Aitor Zubieta. Atzelari etxarriarrak Irujorekin osatu du bikoa San Mateoetarako, eta bikoteak primeran hasi zuen ibilbidea. Gogoratu, Altsasuko festetan jokatutako partidan ere bikain moldatu zirela Zubieta eta Irujo, eta elkar ulertze horrek ere bere horretan iraun du. Larunbatean jokatutako partidan, Irujok eta Zubietak 22-13 irabazi zieten Aimar Olaizolari eta Beroizi, euren lehen puntua bilduz.
Hasieran paretsu ibili ziren bi bikoak, eta 11ra eta 12ra berdindu zuten. Baina Irujoren pilotakada bortitzei eta Zubietaren pilotakadei esker aldea ateratzen hasi ziren Aspekoak eta, bukaeran, 22-13 gailendu ziren. Aitor Zubietak partida ona jokatu zuen eta atzeko koadroetan Beroizek baino gehiago astindu zuen pilota, eta partidaren bigarren tarte horretan berak agindu zuen.
Irujok eta Zubietak Xala eta Barriola izango dituzte hurrengo arerioak, ostegunean, 19:15ean. Ea iganderako finalerako sailkatzea lortzen duten.