Irujo eta Zubieta San Mateotako finalera

Guaixe 2014ko ira. 26a, 12:40

Xala eta Zabaleta 12 tantotan utzi zituzten

Juan Martinez de Irujo eta Aitor Zubieta igandean jokatuko den San Mateotako Binakako Torneoko finalerako sailkatu dira, atzo Xala eta Barriola ordezkatzen zuen Zabaletari 22-12 irabazi eta gero. Aipatzekoa da Aitor Zubietak emandako maila. Atzeko koadroetatik agindu zuen etxarriarrak, sekulako pilotakadak joaz eta arerioak etengabe bonbardatuz. Horrela, Irujok tantoa bukatzeko makina bat pilota izan zituen eskura, ongi aprobetxatu zituenak. Finalean noren kontra jokatuko duten gaur erabakiko da. Berasaluzek eta Zabalak Titin eta Merinoren kontra jokatuko dute. Berasaluze eta Zabalari nahikoa zaie errioxarrak irabaztea. Aldiz, finalera sailkatzeko 22-4 irabazi beharko lukete Titinek eta Merinok. Gaur erabakiko da beste finalista.

Zabaletak Domus Rei desafioko finala jokatuko du bihar
Bestalde, San Mateoen barruan Binakako Domus Rei desafioa antolatu dute, gazteen binakako txapelketa. Jose Javier Zabaletak eta Gorka Estebanek finalera sailkatzea lortu dute, Jokin Altunari eta Beñat Rezustari irabazi ondoren. Larunbatean jokatuko den finalean Artola eta Aretxabaleta izanen dituzte aurkari.