Zubieta eta Irujoren San Mateoak

Guaixe 2014ko irailaren 29a

San Mateotako Binakako Torneoa erraz irabazi dute Irujok eta Aitor Zubietak, Victor eta Albisu 5 tantotan utzi ondoren

Udako azken feria inportanteenetako finala jokatu zen igandean Logroñon, San Mateoetako Binakako Torneoko finala. Juan Martinez de Irujok eta Aitor Zubietak Victor Esteban eta Ander Albisu izan zituzten aurkari. Irujo eta Zubieta ziren faborito nagusiak baina askoz gehiago espero zen Victor eta Albisu bikoteaz. Izan ere, Irujo eta Zubieta euren gainetik pasa ziren, 22-5 irabazita.

Irujo ikusgarri aritu zen aurrean. Sekulako pilotakadak jo zituen eta errematean jaun eta jabe izan zen. Victor menpean hartu zuen, gupidarik gabe. Zubieta ere bikain aritu zen atzean. Izugarri jo zuen, bi tanto ikusgarri egin zituen eta soilik 3 akats egin zituen. Horrela, 40 minutu eskasetan Irujok eta Zubietak 5 tantotan utzi zituzten Victor eta Albisu, Logroñoko txapela jantziz.

Zalantzarik gabe esan daiteke aurtengoa Irujoren uda izan dela. Nahiz eta San Ferminetan eta Andra Maria Zurian lesioagatik ez lehiatu, ordutik aurrera jokatutako 6 torneoetatik 5eko finalak jokatu ditu, eta horietatik 3 irabazi: Donostiako Hiria eta Sanantolinak, Zabaletarekin, eta San Mateoak, Zubietarekin. Beraz, atzelari sakandarrekin primeran moldatu da Irujo uda honetan. Bestalde, udako torneotako 2 final jokatu eta galdu ondoren –Biarritz eta Zarautz–, Logroñokoa irabaztea sari bikaina izan da Zubietarendako.