Atzo Espainiako Auzitegi Nazionaleko Javier Gomez Bermudez epailearen aurrean deklaratu zuten zortzi nafarrek. Haien artean zeuden Joxe Aldasoro eta Patxi Arratibel etxarriarrak. Ekin-eko kide izatea egozten diete zortziei. Atzo guztiek ere haien aurkako akusazioak “faltsuak” direla eta euren aktibitate politikoa zigortzea beste helbururik ez duela salatu zuten.
Auzipetutakoek nabarmendu zuten gehienak inkomunikatuta egon zirela, Guardia Civilaren eskutan, eta torturak salatu zituzten. Horregatik atzo eskatu zuten “bortxa eta indarkeriaren bidez sinarazten dizkiguten deklarazioak” kontuan ez hartzea eta haiei balioa ez ematea. Aldi berean, “epaiketa politikoak bukatzea eta jazarpenaren gurpil zoroa gelditzeko” exijitu zuten.