Aldaketekin heldu dira feriak

Guaixe 2014ko urr. 3a, 09:15

Igandean izanen da azoka eta gazta txapelketa. Basogintzak duen garrantzia nabarmenduko da larunbatean

Badira urte batzuk animali feria desagertu zela. Garai batean zuen zentzua ahuldu zen. Joxi Bakaikoa alkateak azaldu duenez, “feriak birformulatzeko eta indartzeko beharra” zuen. Ospakizuna “berrindartzeko” hiru ardatz hartu ditu oinarri Etxarri Aranazko Udalak, “indarguneak potentziatuz eta, aldi berean, elementu berriak sartuz”. Alkateak sakandar guztiak ferietara gonbidatu ditu. 

Bakaikoak azaldu duenez, ferien ikuspegi sozio-ekonomikoa indartzeko, bertako ekoizpenaren salerosketa indartzea erabaki dute. Horregatik, larunbat arratsaldean egiten zen azoka igande goizera pasa da. Begoña Goikoetxea ekoizleak azaldu duenez, “larunbat arratsaldekoa gehiago zuen erakusketatik eta igandera pasaz salerosketa bulkatu nahi dugu”. Sakanako ekoizleez aparte, ibarrean sortzen ez diren produktuen ekoizle nafarrak izanen dira, 35 inguru. Goikoetxeak gaineratu duenez, “kalitatezko eta sasoiko produktuak izanen dira”. Igande goizera pasa da ere Sakanako artzainen gazta txapelketa. 100, 70 eta 40 euroko hiru sari banatuko ditu epaimahaiak.  

Kirola eta basogintza 

Kirol probek azken urteetan garrantzi handia izan dute Etxarri Aranazko ferietan. Mendira joan etorria lasterketaz aparte, Nafarroako I. mailako aizkolarian neurtu izan dira eta aurten ere hala eginen dute. Baina kirolaren ikuspegi ludiko hori igande arratsaldean izanen den pala jaialdiarekin osatuko da aurten.  

Feria indartzeko azken ardatza basogintza izanen da. “Gure herriak basoarekin duen lotura; basoaren aberastasuna; gure natura-baliabideen balioa ferian islatzea nahi dugu; herriko jarduera ludiko/ekonomikoekin izan duen harreman historikoa nabarmenduz”, esan du Bakaikoak. Hala, larunbat arratsaldean San Juan baleontziaren inguruko erakusketa izanen da, maketa bat barne. Haren pieza bat Etxarriko plazan landuko dute. Aldi berean, Enneco, Aritzaren memoria parkeari buruzko argibideak jasotzeko erakusketa izanen da plazan. Basogintzaren atal ludikoa motozerra bidezko taila erakustaldiak osatuko du. 

Irudia

Etxarri Aranazko ferien irudi korporatiboa dena Olatz Aldasorok sortu du. Feria indartzeko hartu diren hiru ardatzak islatzen ditu. 

Egitaraua

Lastailak 4, larunbata 

17:00etan Bordetxe abere zirkoa. 

18:00etan Ikusgarri: tailaketa motozerrarekin. 

19:00etan Herri proba, Leitzako taldeak. 

19:00etan Giza katea, Etxerat-ek antolatuta. 

20:00etan Auzatea. Karrikestu elkartea. 

20:00etan Salbea. 

20:30etik 22:00etara Dantzaldia Tximeleta taldearekin. 

22:00etan Zezensuzkoa. 

00:30etik 3:00etara Dantzaldia Tximeleta taldearekin. 

Arratsaldean zehar: 

San Juan baleontziari buruzko erakusketa. 

Enneco, Aritzaren memoria proiektuari buruzko erakusketa. 

Sakanako trikitilariak. 

Lastailak 5, igandea

10:00etatik 15:00etara Ekoizle eta artisauen azoka. 

11:00etan XXXIX. Mendira joan etorria. 

11:15ean Auzatea, Larrañeta elkartea. 

12:30ean Sakanako artzainen XI. gazta txapelketa. 

13:00etan Nafarroako I. mailako Aizkora Txapelketako finala. 

15:00etan Zikiro jana, estalopean. 

18:00etan Pala partidak. 

19:00etatik 22:00etara Dantzaldia. 

21:00etan Zezensuzkoa. 

Etxarriko Gazte Asanbladaren egitaraua

Lastailak 3, ostirala

20:30ean Trikipoteoa. 

22:00etan Bertso-afaria: Jon Maia eta Beñat Gaztelumendi. 

Ondoren Gaupasa DJTxorekin. 

Lastailak 4, larunbata

23:00etan Ze esatek eta Glaukoma.