I. Etxarriko Pala Txapelketa Mistoko finalak jokoan

Guaixe 2014ko urriaren 3a

Maite Ruiz de Larramendi igandean Etxarrin ariko da.

Igandean, 18:00etan, Euskalerriari pilotalekuan

Emakumeen Pala Eskolak egiten duen lana aitortzeko bideari jarraikiz, Etxarri Aranazko Udalak Etxarriko I. Pala Txapelketa Mistoa antolatu du. Izenak dioen bezala, gizonezko batek eta emakumezko batek osatutako taldeek eman dute izena bertan. Hilabete honetan gauzatu da txapelketa, eta aipatu txapelketaren finalak ferietan jokatuko dira, igandean, 18:00etan, Euskalerriari pilotalekuan.

Puntako emakume palistak
Finalen ondoren elitezko emakumeen pala erakustaldia hartuko du Etxarri Aranazko pilotalekuak. Susanak eta Maite Ruizek ordezkatuko dute Nafarroa, Maider eta Nagore gipuzkoarren kontra aritzeko. Puntako palistak dira laurak, hauetako batzuk berriki Mexikon jokatutako Euskal Pilota Mundialean lehiatu direnak.

Emakumea eta Euskal Pilota erakusketa
Gaur itxiko ditu ateak Emakumea eta Euskal Pilota erakusketak. Erakusketa Etxarri Aranazko Kultur Etxean dago ikusgai, eta bertan XX. mendean mundu osoko frontoi garrantzitsuenetan emakumeek izan duten presentzia erakusten da.