Etxarri Aranazko ferietan jokatu zen Nafarroako Lehen Mailako Aizkora Txapelketa, giro bikainean. Floren Nazabalek herritarren babesa gertu sentitu zuen eta eskerrak, igandean babes guztia behar baitzuen etxarriarrak. Aspalditik disko-hernia batek arazoak ematen dizkio Etxarriko txapeldun handiari, eta igandean oinaze handiak izan zituen. Baina hortzak estutu eta finala bukatzea eta irabaztea lortu zuen Nazabalek, Nafarroako 9. txapela jantziz.
Bost aizkolarik lortu zuten finalerako txartela: Floren Nazabal etxarriarrak, Jon Rekondo leitzarrak, Ruben Saralegi leitzarrak, Ander Erasun aurtiz-iturendarrak eta Oihan Larretxea beratarrak. Nazabal kenduta, aizkolari gazteak ziren besteak, Rekondok 28 urte eta Larretxeak, Saralegik eta Erasunek 24 urte baitituzte, aizkorak etorkizuna duen seinale. Final gaztean, ondoko lana zuten aurrez-aurre: lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko erdibitzea.
Arazo fisikoengatik ez da Euskal Herrikoan ariko
Nazabal zen faboritoa, Nafarroako txapelketako Uharte Iruñeko kanporaketan eman zuen erakustaldiagatik. Lehia hasi baino lehen Euskal Herriko txapelketako kanporaketan izan zituen arazoak gainditu zituela zirudien. Hasieran, Nazabal eta Rekondo paretsu ibili ziren, baina lan erditan leitzarrak arazoa izan zuen enbor batekin, trabatuta geratu zen eta denbora asko galdu zuen. Hor aurrea hartu zuen Nazabalek, eta garaipena lortu zuen (33:33). Nahiz eta irabazi, ez zen garaipen erraza izan. Horren erakusle, etxarriarrak egindako denbora, beste batzutan baino handiagoa. Nazabalek onartu zuen “izugarri sufritu” zuela, disko-hernia horrek arazoak ematen dizkiola eta horrela jarraituz gero, ezingo duela urriaren 25ean jokatuko den Euskal Herriko Maila Nagusiko Aizkora Txapelketako finalean aritu, ezingo duelako behar bezala entrenatu eta “horrela ezin delako parte hartu”.
Hala ere, 2 minutuko errenta atera zion Jon Rekondori (35:46). Hirugarren postua lortzeko lehia oso polita eta estua izan zen eta azkenean, sorpresaz, Oihan Larretxea izan zen hirugarrena (36:34), bere aita Donatoren eta osaba Patxiren gomendioak gertutik jaso zituena; Ruben Saralegi laugarrena (38:04) eta Ander Erasun bosgarrena (40:39). Gazteek erakustaldi polita egin zuten.
Bederatzi eta sei
Igandekoarekin Nafarroako 9 txapel ditu etxarriarrak, eta Euskal Herriko 6. Tamalez, dituen arazo fisikoak direla medio ezingo du Euskal Herriko 7. txapelagatik borrokatu. Bere lekua Ander Erasuni legokioke.