Udalak Extremera “faltsukeriagatik” gaitzetsi du

Guaixe 2014ko urriaren 9a

Etxarriko udal bilkura. Aurrena itzultzailea Extremerari azalpenak ematen.

Hondakin bilketa sistema berriaren inguruan prentsan argitaratu zuen gutun batean gezurrak esateagatik. PPko kideak esandakoak egia ez zirela dio Mank-en txosten batek.

Bilduko eta NaBaiko zinegotzien botoekin, Etxarri Aranazko Udalak PPko zinegotzi Juan Antonio Extremera “faltsukeriagatik” gaitzetsi zuen astelehenean. Zinegotzi popularrak irailaren 16an Nafarroako prentsan argitaratutako gutun batean hondakin bilketa sistema berriaren inguruan esandakoagatik jaso du udalaren gaitzespena. Etxarri Aranazko Udalak zabaldu duen ohar batean bilkuran jazotakoaren berri eman du.

PPko zinegotziak argitaratutako gutunean adierazi zuen igandean arraina jaten den etxeetan, hondakinak botatzeko hurrengo larunbatera arte itxaron behar duela. Astelehenean hori gezuzrra zela esan zioten popularrari: “igandean bertan hondakina atez ateko zintzilikarioan utzi edo konposta-gailura eraman daiteke”. Hondakin bilketa sistema berria indarrean bi urte beharrean urte eskas bat daramala argitu zioten.

Extremerak bere idatzian gaineratu zuen “herria arratoiz beteta” zegoela. Halakorik ez zela ukatu zioten alkateak eta idazkariak. Horretarako, gertakari epidemiologikoen erregistroaren berri eman zioten. “Sistema berria indarrean denetik ez da arratoi gehiago ikusi. Kontrakoa, indarrean jarri zenean gertakari kopuruan jaitsiera txiki bat izan zen”.

Etxarri Aranazko Udalak Mank-eko Hondakin Bilketa Zerbitzuko langileen profesionaltasuna zalantzan jartzeagatik ere gaitzetsi zuen Extremera. PPkoak esan zuen langileak “hondakinetan kuxkuxeatu” egiten zutela, etxeetako berri jasoz. Gogorarazi zioten pertzak anonimoki kodetuak daudela eta Datu Pertsonalen Babeserako Legea “zorrotz” betetzen dela.

Iritziak
Bilduko ordezkariek PPko zinegotziari “gezur handiak erraztasunez” esatea leporatu zion. Extremeraz esan zuten: “administrazioaren funtzionamenduaz, orokorrean, eta Etxarriko errealitate konkretuaren inolako ezagutzarik ez du”. Zinegotzi jardunean “akats handiak eta zorroztasun falta etengabeak” direla nabarmendu zuten koaliziotik. “Ordezkari publiko batek herritarrei publikoko etengabe gezur esateak gaitzesgarria da eta zilegitasun politikoa kentzen dio”. Mank-en informatzeko aholkatu zioten.

NaBaiko ordezkariak ere PPko zinegotziaren jarrera  “zorrotz arbuiatu” zuen eta “haren adierazpenengatik harridura azaldu zuen”. Koalizioko kideak azaldu zuen, hondakin bilketa sistema berria ezarri aurretik dudak sortu zirela, baina behin indarrean sistema garbia eta eraginkorra dela erakutsi du; emaitza onak ematen dituena eta ezarritako sistema babestu zuen.

Zinegotzi popularrak bere idatzia justifikatu zuen, baina aitortu zuen hondakin bilketa sistemaren dinamika ez duela ezagutzen eta emandako datu batzuk “aitzeraz” zekizkiela. Aurreko udal bilkuran, bestalde, alkateak idazkariaren txosten zertifikatua eman zion. Idatzi hartan jaso da Etxarri Aranazko Udalak ez duela erailketagatik inor seme kuttun izendatu. Horrela, Extremerak hainbat komunikabideetan esandakoa ukatu nahi izan zuen udalak.

Galdeketa
Extremerak udalari gutunean leporatu zion hondakinen bilketari buruzko galdeketa sistema indarrean jarri aurretik ez egitea. Alkateak gogorarazi zion sistema berria ezarri ondoren galdeketa egiteko konpromisoa hartu zuela udalak. Eta aurreratu zuen udala hori bideratzen ari dela gaur egun: “etxe guztietara hots eginez telefono kontsulta eginen da etxarriarren iritziak jasotzeko”.