Ziza eta landare bete frontoi

Guaixe 2014ko urriaren 10a

Igandean, 10:00etatik 17:30era, Etxarri Aranazko frontoian erakusketa mikologikoa eta botanikoa. 200 bat ziza eta beste horren beste landare izanen dira ikusgai.

Euskalerriari frontoi etxarriarrak natura-zientzien museo itxura hartuko du etzi. Hartzabal elkarteak eta mikologi lantaldeak antolatuta, atzera ere, ziza eta landare erakusketa izanen da. Mikologia Etxarrin sustatu zuten Bixente Garziandia, Bartze, eta Jose Luis Eseberri omenezko erakusketa izanen da igandekoa.

Antolatze lanetan ari den Ventura Mundiñanok esan digunez, aurten joan den urtean baino arazo gutxiago izanen dituzte erakusketa prestatzeko: “aurreko urtea oso lehorra izan zen eta zizak ezin hartu ibili ginen, ez zeudelako. Aurten mugitu da eta erakusketak itxura polita izanen du”. Landareekin ez dute halako arazorik, “busti edo lehor, beti hartzen ditugu”.

Mundiñanok aitortu digu mikologian aritzeko lan handia egin behar dela eta ikasten hasten den jendea berehala aspertzen dela edo erraz-alde jokatzen duela. Landare kontutan, ordea, sendabelarrengatik eta abar “jende gazte gehiago dabil, onak”.

Sailkapena eta elkarlana
Erakusketa antolatzen den etxarriar taldea bihar goizean joanen da basora. Han jasotako landare eta zizak sailkatzeko larunbat arratsaldean dute hitzordua. 17:00etatik 22:00etara jasotakoa identifikatu eta bakoitzari bere fitxa jartzen diote. Zizen kasuan izen zientifikoarekin batera, baldin badu, euskarazko izena dago fitxan. Landareei dagokienez, izen zientifikoaz eta euskarazkoaz aparte, zertarako erabiltzen den ere gaineratzen da. Larunbatean lana despedituta Goierriko Zurak enpresak utzitako mahaietan jarriko dituzte igande goizean, 100 metro mahai baino gehiago izanen dira.

Erakusketan izanen diren ale guztiak ez dira Etxarri Aranatzen jasoak izanen. Mundiñanok jakinarazi digunez, Tafallako erakusketako antolatzaileen laguntza izaten dute urtero. “Haiek goizean Orbaibarrean zizak jasotzen dituzten eta arratsaldean ekartzen dizkigute. Guri sailkatzen laguntzen digute gainera”. Egiteko horretan Chema Ausin eta Jose Ramon Belokiren laguntza ere izaten dute.

Tafallarrekin elkarlana nola sortu zen azaldu digu Mundiñanok: “ikastolako talde batek mikologia landu nahi zuen eta Bartze joan zen erakustera. Hortik harremana sortu zen eta mantendu egiten dugu”. Ikastolako irakasle batek asko ikasi zuela gaineratu digu Mundiñanok. Tafallan bi urtean behin antolatzen dute mikologia-erakusketa eta orduan etxarriarrak dira herritik Tafallara zizak eramaten dituztenak eta haiek laguntzen dituztenak. Aurten azaroaren 9an izanen da.

Pintxoak
Erakusketaren osagarri Etxarri Aranazko tabernetan zizekin egindako pintxoak dastatzeko aukera izanen da. Iturri-Eder, Lekuona, Xapatero, Derry eta Iratxo tabernetan izanen dira ziza gutiziak dastatzeko.