Futbolaren beste aldea

Guaixe 2014ko urriaren 14a

Prince, Glody eta Régis Etxarri Aranazko futbolariekin. Argazkia: Jon Etxeberria.

Kongoko Katumbi Futbol Akademiako bi futbolari eta euren entrenatzaile eta akademiaren sortzailea Etxarri Aranatzen izan ziren, Madrileraino oinez egiten ari diren ibilbidean geldialdia eginez

Asteburuan bisita berezia izan zuten Etxarri Aranatz Futbol Taldeko kideek. Kongoko Lubumbashiko TP Mazembe futbol taldeko Katumbi Futbol Akademiako bi futbolari, Prince Kasongo (15 urte) eta Glody Likonza (16 urte, Kongoko selekzioko 17 urtez azpiko jokalaria) Etxarri Aranatzera iritsi ziren, euren entrenatzaile eta aipatu akademiaren sortzaile Régis Laguesserekin batera (64 urte, futbolari ohi frantsesa). Lizarrustitik sartu ziren Etxarri Aranatzera, oinez, eta Etxarrin gaua egin ondoren Lizarrarantz abiatu ziren.

Angers-Madril, futbolaren bestelako baloreak aldarrikatzeko
Izan ere, irailaren 19an Angers hiritik abiatuta, Madrileraino joatea dute erronka (1.200 km) Kongoko Katumbi Futbol Akademiako entrenatzaileak eta aipatu bi futbolariak. Egun futbolean dauden baloreen aurrean, futbolari izarren portaera eta diziplina faltaren aurren, futbol munduan eta futbolari izan nahi duten gazteengan bestelako balore batzuk aldarrikatzeko ideiarekin bururatu zitzaion erronka Régis Laguesse entrenatzaileari. Aldi berean, benetan ahaleginduz gero, gauzarik zailenak ere lor daitezkeela erakutsi nahi dute. “Europako futbolarien eta Afrikako futbolarien mentalitatea ezberdina da. Afrikarrak sakrifikatzeko prestuago daude. Ez dut uste Europako futbol eskolako jokalariek Angersetik Madrileraino ibiltzeko prest leudekeela, eta gure eskolan proposamena egin nuenean bertako 26 mutilek joan nahi dutela esan zuten, eta hautaketa egin behar izan genuen. Lan egiteko prestuago daude, baina Europara iristen direnean, adaptazio fasean, ongi babestu behar ditugu” adierazi du Laguessek Gara egunkarian. Egunotan Euskal Herrian barna ibili dira. Bidarten izan ziren, Donostian, Zaldibian, Ataunen, ostiralean Etxarri Aranatzen, eta larunbat goizean Lizarrarantz abiatu ziren.

Etxarriko esperientzia
Eta pausoz pauso Madrilera iritsi nahi dute. Bi gaztetxoek eta entrenatzaileak egunero 30-35 km oinez egiteaz gain, iritsitako herrian futbol entrenamendu bat egiten dute bertako taldearekin. Etxarri Aranatz futbol taldeak eman zieten ongietorria San Donato futbol zelaian. Eta esperientzia bikaina izan zen. Harrera bikaina egin zieten, eurekin entrenatu zuten, eta Kongoko taldeari oroigarriak eman zizkieten. Ondoren Karrikestu elkartean dastatu zituzten Artzai Iraurgi eta Eneko Lazkozek prestatutako jakiak. Larunbat goizean Lizarrarantz abiatu ziren eta hilabete bukaerarako Madrilen egotea espero dute, lehen mailako Madrileko lau taldeen partidak ikusteko esperantza baitute.

Laguessek Euskal Herrian egin zaien harrera bikaina nabarmendu zuen. Errealak harrera egin zien, Ordizian eta Etxarri Aranatzen entrenatzen egon ziren… “Esperientzia bizitzea da orain garrantzitsuena eta gero ondorioak aterako ditugu, ibilbidea burutu duten jokalarien portaera ikusten dugunean. Ea burututako erronkak ekarpena egin dien. Eta baita gure ibilbidea internetez jarraitzen ari diren Kongoko taldekideei ere. Emaitzak ikusiko ditugu eta jaso duten formazioa baloratuko dugu ere” gaineratu du entrenatzaileak.