Etxarri Mugi ekimenak bideo berri bat grabatu berri du

Guaixe 2014ko urriaren 25a

Lakuntzako Sorgiñak tabernan egindako grabazioko une bat.

Azaroaren 9aren aurretik publiko egin nahi dute Euskal Herriaren eta Espainiaren dibortzioa irudikatu nahi du.

Bideo berri baten grabazioan sartuak egon dira Etxarri Mugi ekimenekoak. Herri dinamikak suspertu nahian aurretik ere bideo lanak egin ditu ekimenak: Gora herri askeak (2011-05-07) eta Etxarri mugi (2013-07-03).  Aurrenekoan bezala, oraingoan ere bideoaren kanta Katalunian aukeratu dute: Mali Vanili taldearen España cariño lo nostre no funciona. 8 apellidos vascos filma gogoraraziko dute irudiek. Horregatik, 10 egunetan, Etxarri Aranatzen, Lakuntzan, San Migelen, Leitzan, Zumaian, Astigarragan eta Ondarroan grabatu dituzte irudiak; eta ikusmina sortu dute. Guztia, Euskal Herriaren eta Espainiaren arteko dibortzioa irudikatzeko.

Dagoeneko hura editatzen hasiak dira. Katalanezko kantuaren euskarazko bertsioa Altsasuko Itxura estudioan grabatu dute. Mali Vanili taldekoek bideoaren grabazioan parte hartu dute; “ilusio berezia sortu die beraien kantetako bat euskaraz grabatu izana” esan digute ekimenetik. Kataluniako herri-galdeketa aurretik zabaldu nahi dute bideoa Interneten.

Helburuak
Etxarri Mugi dinamikak bideo horiekin lortu nahi duena, lehenik Etxarriko herri dinamika suspertzea da. Aldi berean, auzolanaren garrantziaz jabearazi nahi ditu herritarrak, bideoak auzolanean egin baitituzte. Autogestioaren balioa ere aldarrikatu dute, euren baliabidez eta inolako diru-laguntzarik gabe grabatu baitituzte bideoak. Etxarri Mugi ekimenak gizarte kritika eta aldarrikapena izan ditu gai nagusi bere bideoetan. Beti ere, giro onean eta umoretsuan adin ezberdinetako herritarren arteko harremanak sustatuz.