Euskararendako puntu beltzetan argia egiteko

Guaixe 2014ko urriaren 27a

Bihar, 19:00etan, kultur etxean eginen den batzarrera deitu dituzte euskaltzaleak. Euskaraz bizitzeko zailtasunak sortzen dituzten eremuetan, euskaraz bizitzeko urratsak ematera nola bultzatu aztertuko da

Euskararen arnasgune diren Sakanako herrietan euskaraz bizi ahal izateko topatzen zituzten oztopoak identifikatu dituzte. Lan hori martxoaren 15ean Etxarri Aranatzen egin ziren tailerretan egin zuten 16 pertsonek. Martxokoa abiapuntu izanda, atzera ere, gaiari helduko diote, “oztopo horiek gainditzeko herri dinamika eratzeko”. Azken helburua litzateke “euskalgintzatik abiatuta, dinamika hori akuilu izanen da herritarren kontzientzian eragin eta, Etxarri Aranatzen bertan diren zailtasunen jabe izanik, zailtasun horiei komunitate gisa aurre egiteko”. Horregatik, gaiarekin interesa duen edozein herritar gonbidatu du batzarrera Etxarri Aranazko udal euskara batzordeak eta Euskal Herrian Euskarazek.

Zazpi arlo
Martxoko batzarrean euskaraz bizitzeko zazpi hutsune atzeman zituzten: zerbitzu pribatuak; Udalaren esku dauden ikastaroak, udal musika eskolako eta liburutegiko liburuzain postuak; Osasun etxea; Bake epaitegia; Emakumeen arreta zerbitzua; Kirola eta aisialdia eta Industria gunea. Hutsuneak deskribatzeaz aparte, arlo horietan euskara onbideratzeko proposamenak eta aktore nagusiak zein diren zehaztu zituzten.