Emozioz betetako finala izan zen asteazken arratsaldean Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatu zena. Izan ere, Erreka klubeko bi taldekidek lortu zuten Nafarroako Jubenilen Mailako Buruz Buruko Txapelketako finalera sailkatzea: Joanes Bakaikoa etxarriarrak eta Julen Juankorenak. Bi pilotariek bikain ezagutzen dute elkar eta lehia estua espero zen, baina partidak ez zuen saltsarik izan. Joanes Bakaikoak egin zuen lehen tantoa, eta Julen Juankorenak bana berdindu zuen eta segidan 2-1 aurreratu zen bi pareta eder bati esker. Hurrengo tantoa piloteatua izan zen, eta Juanikorenak ezin izan zuen zazpitik erantzun. Bakaikoak sakea berreskuratu zuen eta hortik aurrera partidako jaun eta jabe izan zen etxarriarra. Bere sake zitalak min izugarria egin zion Juankorenari eta etxarriarrak bata bestearen atzetik egin zituen tantoak, zuzenera 18ra helduz. 18-2 irabazita, Nafarroako jubenil mailako txapelduna dugu Joanes Bakaikoa. Zorionak!