Dagoneko 16 hilabete pasatu dira Sakanako Mankomunitateak hondakinak biltzeko sistema berria martxan jarri zuela. Hondakinen Batzordearen proposamenez, Etxarriko Udalak konpromisoa hartu zuen behin sistema probatuta etxarriarrei kontsulta egiteko. Beraz, euren esperientziatik abiatuta, etxarriarrek sistema berriaz zer iritzi duten eta hondakinen bilketa hobetzeko zer proposamen dituzten jakiteko eginen du kontsulta udalak.
Galdeketa egiteko Etxarri Aranazko Udala enpresa espezializatu batekin harremanetan jarri da. Hark egin du galdeketa, Nafarroako Estatistika Institutuaren aholkularitzarekin. Mank-ek prozesurako bere lankidetza ere eman du. Izan ere, galdeketa despeditu ondoren, Etxarrin jasotako emaitzak ibarreko erakundeari jakinaraziko zaizkio. Baita etxarriarrei ere, herri batzar batean.
Hondakin Batzordeak etxarriar guztiei kontsulta parte har dezaten dei egin die. Azaldu dutenez, “hondakinen sistema aldaketak etxarriar guztion inplikazioa eskatu du, eta orain da aukera herritar bakoitzak sistemaz zer iritzi duen esateko”. Denen parte hartzea “oso inportantetzat” jo dute; “kontsultaren emaitzak kontuan hartuko delako etorkizuneko hondakinen gestioa hobetzeko erabakietan”. Azaldu dutenez, “emaitza oso aberatsa izanen da, kontsulta honetan eguneroko etxeko praktikatik abiatutako balorazio eta iritziak jasoko direlako”. Batzordea udaleko ordezkariak (Joxi Bakaikoa, alkatea, Eneka Maiz, Bildu, eta Arantxa Artieda, NaBai, zinegotziak) eta herritarrek (Idoia Artieda, Pedro Artieda, Aiert Lizarraga eta Jon Garziandia) osatzen dute.
Oharrak
Etxarrin erroldatuta dauden 18 urteko edo zaharragoko etxarriar guztiek galde-sorta bati erantzun ahal izanen diote. Galdetegia lortzeko eta erantzuteko bi aukera daude. Bata, udalaren web orria da: www.etxarriaranatz.com. Nortasun agiria idatzi ondoren hasi daiteke erantzunak ematen. Bestea, erantzunak paperean ematea da. Paperezko galdetegia udaletxean (10:00etatik 14:00etara) eta liburutegian (16:30etik 20:30era) jaso daitezke.
Etxarriar bakoitzak galdetegi bakarra bete dezake, horregatik eskatzen da nortasun agiri zenbakia. Udaletik jakinarazi dutenez, erantzunak anonimoak izanen dira, Datuen Babeserako Legea estuki beteko da. Hala ere, beste norbaiten galde-sorta ere entregatu daiteke, baina betiere haren nortasun agiria erakutsita. Mugikortasun arazoak dituztenek, hala eskatuz gero, udaletxera hots egin (948 460 004) dezakete eta galdetegia etxean jasoko zaie. Azaroaren 20a baino lehen egin beharko dute eskaera.
Galdetegia
Etxarriarrei egindako kontsultak bost atal eta 17 galdera ditu, bakoitzari erantzuteko lau aukera ematen dira. Lehen atala, orain arteko norberaren esperientzia baloratzeko da eta, horregatik, galdera gehien dituen atala da, bederatzi. Nola moldatzen diren, etxeko antolaketaz, ordutegiaz, konpostagailuez, maiztasunaz, larrialdi guneaz, garbigunez eta pertzez galdetzen zaie.
Bigarren atalaren bidez (hiru galdera), hondakinekiko kezka, kudeaketa sistemaz eta tasen konpentsazioaz galdetuko da. Hirugarren atala (galdera bakarra), jasotako informazioaren ingurukoa da. Laugarrenean (bi galdera), berriz, lortutako emaitzen inguruko iritzia eskatzen da, baita probatu ondoren sistema berriari buruzko ideia aldatu ote zaien ere. Azken atalean (bi galdera), aurrera begira jartzea eskatzen da, sistema berriari buruzko iritzia emanez eta proposamen eta iradokizunak eskatuz.
%56 gehiago
Etxarrin hondakinak gaika %24ko jasotzetik %80 ingurura pasatu dira.
Bestelako eskaera
PPk Etxarri Aranatzen duen zinegotzi Juan Antonio Extremerak galdetegia babestu du, “baina sistema berria indarrean jarri aurretik egin behar zen”. Popularrak ere galdera bakarreko galdeketa egitea eskatu du: “atez atekoaren alde edo kontra zaude? Gainontzekoa botatu nahi duten herritarrak nahastea eta asmoa kentzea besterik ez da”. Altsasun galdeketa bera egitea ere eskatu du.