Euskal Preso Politikoen Kolektiboko (EPPK) abokatuek Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zaintza Epaitegian sakabanaketaren kontrako eskaerak aurkeztuko dituzte. Aipatu epaitegiaren ardura da presoen eskubideak betearaztea. EPPKko kideen abokatuek preso bakoitzaren izenean sakabanaketak urratzen dituen eskubideak zein diren zerrendatu diete epaileei, besteak beste: defentsa, osasuna, kultura eta hizkuntza, berdintasuna edota arrazoi politiko edo ideologikoengatik diskriminatuta ez izatea. Abokatuak Estrasburgoko auzitegiraino iristeko prest azaldu dira.
Negu akaberan hasi ziren EPPKko presoak, txandaka, euren espetxeko tratamendu batzordeetan sakabanaketa bukatzeko eta Arabako Zaballa espetxera edo etxetik gertuenera aldatzeko eskariak aurkezten. Erantzuna jaso dutenek ezezkoa jaso dute, banakako erantzuna izan gabe. “Erantzunak erabaki politikoak baldintzatuak izan dira, ez diete oinarrizko eskubideei erreparatu”, adierazi dute abokatuek.
Txandaka
EPPKko presoek oraingoan ere eskaerak mailakatu eginen dituzten. Lehen txandan gaixo dauden presoak, 70 urtetik gorakoek eta espetxean 20 urte baino gehiago daramaten presoek eginen dute eskaera. Azken horien artean dago Unai Parot Navarro. Negu eta udaberriko txandak errepikatuta, laugarren eskaera txandan Asier Carrera Arenzana, Luis Mariñelarena Garziandia eta Juan Ramon Karasatorre Aldaz etxarriarrek eskatuko lukete. Bosgarren txandan, berriz, beste hiru etxarriar izanen lirateke: Juan Kruz Maiza Artola, Oihan Barandalla Goñi eta Hodei Ijurko Iroz.