Irakurketaren sari bikoitza

Guaixe 2014ko azaroaren 18a

Etxarriko liburutegia. Argazkia: google street maps.

Etxarri Aranazko liburutegiko euskarazko funtsak irakurri eta ondoren balorazio fitxa betetzen dutenek herriko liburu-dendetan liburuak erosteko deskontu txartelak eskuratuko dituzte.

Euskaraz Irakurri, Gozatu eta Oparitu kanpaina martxan jarri dute Etxarri Aranazko Udaleko Euskara Batzordeak eta Victoriano Huizi liburutegiak. Astelehenaz geroztik eta ilbeltzaren 31ra arte liburutegitik euskarazko liburuak maileguan hartu, haiek irakurri eta liburutegian iritzia ematen dutenak deskontuak eskuratuko dituzte.  

Deskontuak liburuaren prezioaren %25ekoak dira orokorrean. Baina %50eraino iristen da deskontua euskaltegietako ikasleen eta Mintzakide programako parte-hartzaileen kasuan. Gainera, Etxarri Aranazko Irakurle Taldeko kideek %40ko deskontua eskuratuko dute. 12 eta 16 urteko gazteen kasuan, kanpainan parte hartu eta iritzia ematearen truke e-book baten zozketan sartzeko aukera izanen dute.

Hirugarren urtea da kanpaina martxan jartzen dena. Euskarazko irakurle gazteen eta helduen kopurua handitzeko asmoz sortu zen kanpaina. Aldi berean, normalean euskaraz irakurtzen duen irakurlea saritu nahi da. Etxarri Aranazko liburu-dendei ere bultzada bat eman nahi zaie euskarazko irakurketa sustatzeko egitasmoarekin.