Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak Sakanako II. Saskibaloi Topaketak antolatu ditu, hainbat laguntzailerekin batera -Irurtzun, Etxarri Aranatz eta Altsasuko Udalak, Altsasu eta Irurtzungo Saskibaloi Taldeak eta Andra Mari ikastola-. Aipatu topaketetan premini mailako taldeak ariko dira, 8 urtetik 10 urtera bitarteko neska-mutikoak, Altsasuko Saskibaloi Taldekoak, Irurtzungo Saskibaloi Taldekoak eta Andra Mari ikastolako Saskibaloi Taldekoak. Helburua saskibaloia sustatzea, Sakanako talde eta neska-mutikoen arteko harremana bulkatzea eta Nafar Kirol Jolasetan lehiatzen ez direnei lehiaketa batean parte hartzeko aukera ematea da. Baina ez da txapelketa lehiakorra izanen, eta horregatik ez da sailkapenik eginen.
Azarotik ilbeltzera bitartean jokalariak nahasita ariko dira. Hau da, astebururo talde ezberdinak sortuko dira eta euren artean lehiatuko dira. Eta ilbeltzetik aurrera kluben arteko partidak jokatuko dira. 2. jardunaldia Etxarri Aranazko San Donato ikastetxeko pilotalekuak hartuko du. Lehen partida 11:00etan jokatuko da eta bigarrena 12:00etan.