Kataluniako Mali Vanili taldearen Espanya cariño, lo nostre no funciona moldatu eta egokitu dute etxarriarrek. Bikote baten banaketa balitz bezala jokatzen dute aktoreek, baina kantuaren letrak Espainiaz dibortziatzera doanaren kontakizuna azaltzen du.
Ainhoa Juanizek eta Txetxu Colladok jokatzen dute protagonisten paperak bideoklipean. Moldaketa abesten dutenak, berriz, Hesian taldeko Zuriñe eta Fran dira. Kantuaren sortzaile kataluniarrak ere bideoan ageri dira. Etxarri Aranatzen, Lakuntzan, Aralarren, Leitzan, Zumaian, Astigarragan eta Getarian hartu zituzten irudiak. Bideoklipak neurri batean 8 apellidos vascos filma gogorarazten du.
Hirugarrena
Kritika eta aldarrikapena uztartzen duen hirugarren lana da hori. Etxarriarrek auzolanean aurretik Gora herri askeak (2011-05-07) eta Etxarri mugi (2013-07-03) bideoklipak egin dituzte. Jon Palomo filmak-etik adierazi dutenez, lan horien helburua da Etxarriko herri dinamika suspertzea, etxarriarrak auzolanaren garrantziaz jabearaztea eta autogestioaren balioa aldarrikatzea. Beti ere, giro onean eta umoretsuan adin ezberdinetako herritarren arteko harremanak sustatuz.