Horiexek elkartuko dira bihar, 18:30etik aurrera, Etxarri Aranazko kultur etxean. Euskal Herrian Euskaraz-ek (EHE) 35 urte bete ditu eta “aurrera egiteko atzera begiratzea” erabaki dute. Horregatik, egungo kideak batzarrera gonbidatu dituzte aurretik EHEn aritutakoak. Batzarrean egindakoaz eta egiteko gelditzen denaz eta hori nola egin den aztertuko dute. Azken batean, EHEko kideek aurretik aritutakoen esperientziak partekatu eta haien ekarpenak eta iritziak jaso nahi dituzte. Batzarraren ondoren afaltzera elkartuko dira guztiak.
Etxarri Aranatzen 90eko hamarkadan izan zen EHEko taldea. Hari lekukoa Ziriketzen euskara taldeak hartu zion. Azken hori desagertzean euskaltzaleen belaunaldi berri batek EHEren talde berria sortu zuen aurreko hamarkadan, oraindik martxan dena.