Joanes Bakaikoa etxarriarrak etorkizuneko pilotari handi bat izateko dohaiak dituela erakusten ari da behin eta berriz. Afizionatuetako txapelketa, torneo eta partidatan buruan egoten da etxarriarra, eta palmares polita biltzen ari da. Berriki gazteen mailako Buruz Buruko txapelketa irabazi zuen etxarriarrak, eta aurreko asteazkenean, abenduaren 3an, beste txapela garrantzitsua jantzi zuen: Nafarroako jubenilen mailako lau t´erdiko txapela, Guillermo Mazo Memorialekoa. Final ikusgarrian Bakaikoak 6 tantotan utzi zuen Unai Laso. Aurreko urtean ere aipatu txapela irabazi zuen etxarriarrak, eta modu bikainean defendatu du, atzera ere berriz jantzi baitu. Ostiralean 18 urtez azpiko Sakanako kirolaririk onenaren saria jasoko du etxarriarrak, merezimendu osoz.
Lasoren gainetik pasa zen
Buruz Burukoa irabazi ondoren, lau t´erdia irabaztea zuen buruan Erreka taldean dabilen Joanes Bakaikoak. Huarte Iruñea taldeko Unai Laso zuen aurkari Nafarroako Egunean Labrit pilotalekuan jokatutako partidan. Sekulako giroa izan zen frontoian eta 450 ikusle inguru bildu ziren. Joanesek bere aita, Etxarri Aranazko alkate den Joxi Bakaikoa izan zuen botillero. Epaile lanetan Fermin Aldabe eta Migel Angel Urrestarazu altsasuarra aritu ziren.
Partida hasieratik dominatu zuen Joanes Bakaikoak. Adituen ustetan, 17 urteko afizionatu baten jarrera baino, pilotari beterano baten lasaitasuna erakutsi zuen etxarriarrak finalean. Aurreko urteko finalean etxarriarrak gogotik egin behar izan zuen lan Jon Olaizola menpean hartzeko (18-15), baina aurtengo finalean Bakaikoa Laso baino gehiago izan zen hasieratik. 300 pilotakada baino gehiagoko ia ordu bateko partidan, jaun eta jabe izan zen etxarriarra eta 6 tanto eskasetan utzi zuen Laso. Bakaikoak ia guztia egin zuen ongi. Ongi atera zuen –5 tanto egin zituen sakez–, errematerarekin asmatu zuen, erasoan bikain aritu zen eta defendatzea tokatu zitzaionean ere ongi erantzun zuen. Bukaeran, inork lortu ez duena lortu zuen: Guillermo Mazo Memoriala, Nafarroako jubenilen lau t´erdia, bi aldiz jarraian irabaztea.
Bide honetan jarraituz gero, etorkizun polita du etxarriarrak. 18 urte beteko ditu martxoan, eta bidea, zabal zabalik. Zorionak Sakanako kirolari onenari.