Birziklapen etxola erabilgarri

Guaixe 2014ko abenduaren 18a

Hondakin bereziak jasotzen dituen etxola larrialdi gune ondoan dago, Malkorramendi auzoan.

Lastailaz geroztik erabilgarri dago birziklapen etxola finkoa. Materia organikoa, kartoia edo papera, ontzi arinak edo errefusa ez diren hondakinak jasotzen dira birziklapen etxolan. Orain arte hondakin horiek Arbizuko hondakindegian edo Garbigune mugikorrean uzteko aukera zegoen. Baina goizez lanean ari direnek ezin izaten dute zerbitzu hori erabili. Horri konponbidea emanen dio etxolak.

Sakanako Mankomunitatearen eta Ekogras enpresaren elkarlanaren fruitu da etxola. Proba pilotua da eta Mank-i dohainik atera zaio. Enpresak diseinatu, eraiki eta instalatu du etxola. Mank, berriz, hondakinen bilketaz arduratzen da. Hondakinen Zerbitzuko teknikari Olatz Garde Mazkiaranek jakinarazi digunez, “Azaro hasieran lehen bilketa egin genuen eta 40 bat pertsonek erabili zutela kalkulatzen dugu. Pertsonako 5 bat kilo inguru utzi zituzten. Gehienbat elektratresnak eta motorreko olioa jaso zen”.

Gardek azaldu digunez, “Garbigune mugikorrak gehien Etxarriko azokan jasotzen du. Ikusi beharko da jendea batetik bestera aldatzen den edo biak erabiltzen dituen. Arlo guztietan, oraindik goiz da eragina neurtzeko”.

Zer jasotzen du?
Elektratresna txikiak, gailu elektroniko txikiak, autoetako bateriak, CDak, DVDak, VHS zintak, kaseteak, merkuriozko termometroak, pilak, erradiografiak, aerosol beteak edo erdi beteak, disolbatzaileak, garbiketa produktuak, tinta, tonerrak, margoak, brotxak, motor olioa, fluoreszenteak, kontsumo baxuko bonbillak eta bonbilla alogenoak.