Etxarriarrek hondakin bilketa sistema berriaren inguruan duten iritzia jasotzeko udalak galdetegi bat zabaldu zuen herrian. Etxarriarrek azaroaren 13 eta 30a bitartean hura erantzuteko aukera izan dute. Jasotako emaitzak astelehenean ezagutzera emanen ditu udalak. Aztiker enpresako ordezkariek emanen dituzte emaitza horien berri. Haiekin batera izanen dira udaleko eta Hondakin Batzordeko ordezkariak ere.
Sakanako Mankomunitateak hondakinak biltzeko sistema berria martxan jarri zuela 17 hilabete pasa dira. Hondakinen Batzordearen proposamenez, Etxarriko Udalak konpromisoa hartu zuen behin sistema probatuta etxarriarrei kontsulta egiteko. Beraz, etxarriarrak euren esperientziatik abiatuta, sistema berriaz zer iritzi duten eta hondakinen bilketa hobetzeko zer proposamen dituzten jakiteko egin du kontsulta udalak.