Egizu lo izenburua du etzi Etxarri Aranazko abesbatzak eskainiko duen emanaldia. “Betiko eguberri kantak eman beharrean lo kantak prestatzen ari gara eta horregatik eman diogu izen buru hori kontzertuari”, azaldu digu Jon Goikoetxea abeslariak. Mundu osoko lo kantekin osatu du abesbatzak errepertorioa, tartean, Italia, AEB, Hego Amerika edota Euskal Herrikoak. Alicia Armendarizen zuzendaritzapean ariko dira. Azken hiru hilabeteetako lanaren emaitza eskainiko du Etxarri Aranazko abesbatzak.
Abesbatza txikia
Etxarri Aranazko abesbatzak aurten martxan jarri duen egitasmoa da Abesbatza Txikia. Maiatza aldean herriko ikastetxeen bidez egitasmoaren berri zabaldu zuten eta “haur pilo bat apuntatu ziren”. Batzuk utzi ondoren, gaur egun 50 dira, guztiak ere, 6 eta 13 urte bitartekoak. “Haiek abesteko eta gustura pasatzeko eskaintza bat izan nahi du. Kantu-zaletasuna zabaltzea da gure asmoa. Eta etorkizunean abesbatzan sartzea errazagoa izan dadila”, azaldu digu Goikoetxeak.
Elena Garciandia etxarriarra eta Jasone Razkin lakuntzarra dira abesbatzako zuzendariak. Ostiraletan 18:00etatik 19:00etara entseatzen dute. Abesbatza Txikiak zenbait kantu emanen ditu etzi bakarrik, baina Etxarri Aranazko Abesbatzarekin batera ere arituko dira txikiak. Irailaren 20an plazan egindako kontzertuan jendaurrean estreinakoz aritu Abesbatza Txikia. Orduan bi kanta eskaini zituen, baina igandekoa dute lehen kontzertua.
Aurreko mende akaberan Etxarri Aranazko Abesbatzak Urgain gazte abesbatza sortu zuen, 12 eta 18 urte bitarteko kideekin. Goikoetxeak egoki joko luke etorkizunean gazte abesbatza sortzea. Gaur egun sortzea zail ikusten du, baina gazte talderen bat ate joka agertuz gero ateak zabaltzeko prest azaldu da Goikoetxea. Bestela, Abesbatza Txikia hura sortzeko baratza izan daitekeela nabarmendu du.
Egitaraua
Izenburua Jatorria Moldaketak
Thula baba Lo-kanta zulua
Lo hadi aingüria Euskal lo-kanta Francisco Escudero
The seal lullaby Eric Whitacre
Fa la nana Monghidoroko lo-kanta herrikoia (Italia) Giorgio Vacchi
Karácsonyi bölcsődal Szeged-eko lo-kanta herrikoia (Hungaria) Bárdos Lajos
Haurtxo polita Euskal lo-kanta Jose de Olaizola
Summertime G. Gershwin Ferrari Jr.
Duerme negrito Atahualpa Yupanqui Emilio Solé
Mi burrito sabanero Hugo Blanco
Arkume ta gaztakin Euskal gabon-kanta Lorenzo Ondarra
Siyahamba Andries van Tonder Alejandro Leon
Fruit canon Egile ezezaguna
Lau teilatu J. C. Perez Josu Elberdin