Urte hasieratik indarrean da Kultura Mezenasgoaren Foru Legea, gizarte zibilak kultur sektorearen garapenean parte hartzea sustatu nahi duena. Jasotako 124 eskaeren artean, abenduaren 18an egindako bileran, Nafarroako Kultura Kontseiluak kulturako 90 proiektu eta ekintzek MECNA interes sozialeko izendapena ematea erabaki zuen. Horien artean daude Haize Berriak banda eta Etxarri Aranazko Abesbatza.
Helbide fiskala Nafarroan duten enpresek eta partikularrek Nafarroako kultur garapena babesteko hiru bide dituzte zabalik. Lehena, dohaintza da. Hau da, kultur erakundeei
diru, ondasun edo eskubideen ekarpena edo zerbitzuak doan ematea. Bigarrena erabiltzeko maileguak dira. Haien bidez, kultur intereseko ondasunak doan eta aldi baterako uzten zaizkie kultur erakundeei edo artistei (proiektuak, kalitatezko artelanak eta abar egiteko lokalak). Azken bidea, lankidetza-hitzarmenak dira. Kolaboratzaileen (ekarpen ekonomikoak egiten dituztenak) eta onuradunen artean sinatuta eta, haiek, laguntza ekonomikoaren truke, kolaboratzailearen partaidetza zabaltzeko konpromisoa hartzen dute.
Zerga-pizgarriak
Mecna zigilua duten proiektu eta ekintzei laguntzeagatik emanen diren zerga-pizgarriak ezberdinak izanen dira norbanakoen eta enpresen kasuan. Partikularrek PFEZ zergaren kuotatik zergaldi bakoitzean dohaintzan emandako lehen 150 euroren % 80 kentzeko eskubidea izanen dute; gainerako zenbatekoek, berriz, %40ko kenkarirako eskubidea izanen dute. (Adibidez, 200 euroko ekarpenetik, 140 euro kenduko dira).
Eta enpresek, kenkaria Sozietate Zergaren zerga-oinarriko dohaintzen zenbatekoetan – oro har dohaintzak ez dira ken daitezkeen gastua– eta kuota likidoaren % 30eko kenkaria zergaldi bakoitzean emandako lehen 300 eurotan, eta % 20koa ondorengo zenbatekoetan. (Adibidez, % 20ko kargaren tasa eraginkorra duen enpresa batek, 3.000 euroko dohaintza baterako, Sozietate Zergaren aitorpenean 1.230 euro kentzeko eskubidea izanen du).
Kenkariak eta murrizketak burutu ahal izateko, kultur mezenasgoaren onuradun diren pertsonek edo erakundeek ekarpenak egiaztatu eta Nafarroako Zerga Ogasunean jakinarazi beharko dituzte. Gainera, kenkariak eta murrizketak bateraezintasuneko araubide baten mende daude.
Beste bi
Sakanarekin lotura duten beste bi Mecna izendapen ere badaude. Alde batetik, Nafarroa Bizirik fundazioak Etxarri Aranatzen egin nahi duen Enneco, haritzaren memoria egitasmoa babestu dezakete mezenek. Bestalde, Nafarroako Bertsozale Elkarteak herrialdean bertsolaritzaren transmisioa eta sustapena egiteko laguntza eman daiteke Mezenasgo Legearen bidez.