Igor Ijurra Fernandezek Espainiako Abesbatzen Konfederazioak (COACE) emandako saria jaso zuen abenduaren 30ean. Medina de Pomarren egin zen estatuko abesbatzen federazioen hirugarren topaketaren itxiera galan jaso zuen saria etxarriarrak. Sari horrekin COACEk Ijurraren musika ibilbidea eta abesbatzen arloan egindako ekarpena aitortu nahi izan zuten. Etxarriarrak saria jasotzeaz aparte, lana ere egin zuen Burgosko herrian: elkartu ziren estatuko abesbatza zuzendaritza ikastaroa eman zien hainbat erkidegoetako koral gidariei.
Ijurra kantuan, solfeoan, musika teorian eta transposizioan eta akonpainamenduan tituluduna da, baita Abesbatza Zuzendaritzan Goi Tituluduna. Gainera, zuzenbidean lizentziatua da. Etxarri Aranazko Abesbatza zuzentzen hasi zen. Haren ondoren Iruñeko Coro de Voces Graves etorri zen. Gaur egun Iruñeko Orfeoiko zuzendaria da. Azken horrekin Europa, Mexiko eta Amerikako Estatu Batuetako areto entzutetsuenetan aritu da. Aldi berean, zuzendari handiekin harremanak ditu. Iruñeko Ganbera Abesbatza edota RTVEren abesbatza zuzentzera gonbidatu izan dute. Orkestra zuzendaritza prestakuntza ere baduenez, Orfeoia eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoa ere zuzendu ditu. Eta makina bat alditan ikastaro, hitzaldi, tailer edo lehiaketako epaile gisa aritu da. Orfeoiarekin bertako sortzaileen obrak mustutzeko konpromisoa du eta horien artean Lorenzo Ondarra bakaikuarraren obrak daude.