Gizakunde ospatuz hasiko dira gaur, ostegunean, iyote ospakizunak Etxarri Aranatzen. Gizakunde gizon helduen eguna zen garai batean: txatarras jantzita eskean ateratzen ziren eta bildutakoarekin afaria egiten zuten. Gaur, kintoak izango dira txatarraz jantzita etxez etxe eskean ariko direnak; jakina, jasotakoarekin afari ederra eginen dute. Hurrengo bi ostegunetan ere gauza bera eginen dute kintoek, Andrekunden eta Garikunden.
Garai batean iyotetako bigarren ostegunean, Andrekunden, emakume helduak mozorrotuta eskean ateratzen ziren gero afaria egiteko. Gaur egun hainbat familia eta koadriletako emakumeak afaltzera biltzen dira. Aurreko urtean bezala, Udaleko Emakume Batzordeak Andrekunde eguna indartu eta etxarriarrei hurbildu asmoz, herriko elkarteekin harremanetan jarri da eta ostegun horretan elkartez elkarteko ibilbidea eginen da.
Garikunde gazteen arteko borroka eguna zen. Urte guztian zehar debekatuta zeuden kolpeak, eta egun hau beraien arteko gorabeherak konpontzeko erabiltzen zuten. Maskubiak haizez bete eta jendea jotzen zuten, baita suko hautsa bota ere. Egun, txatarraz mozorrotuta eskean ariko dira.
Iyote egutegia
Ilbeltzaren 29an, ostegunean Gizakunde. Kintoak txatarraz jantzita eskean. Afaria.
Otsailaren 5ean, ostegunean Andrekunde. Elkartez elkarteko ibilbidea. Afariak.
Otsailaren 12an, ostiralean Garikunde. Kintoak txatarraz jantzita eskean. Afaria.
Otsailaren 15ean, igandean Zalduiyote. Haurrak txatarraz mozorrotuta elkartez elkarteko ibilbidea.
Otsailaren 17an, asteartean Astearteiyote. Egun osoko ospakizuna.