Dozena bat aulki koloretsu eta jolaserako hainbat proposamenekin osatu zen Donostiako Bertso Eguneko ekitaldi nagusia Kursaalen. Ikusleek jolastu nahi zutela esatearekin batera hasi zen saioa. Eszenatokian dozena bat aulki koloretsu eta beste horrenbeste bertsolari, tartean Eneko Lazkoz.
Hiru taldetan banatuta, etxarriarra Maialen Lujanbio, Unai Iturriaga eta Nerea Elustondorekin aritu zen bertsotan saioaren azken partean. Iturriagarekin artzain-jokoan (tres en raya) aritu zen. Baten taula ikurrina zen, bestearena Nafarroako bandera. Ondoren, urteak elkar ikusi gabe pasa ondoren, ikasle garaian harremana izan zuen Elustondorekin topo egin eta horren gainean aritu ziren biak. Ondoren, txandaka, laukoteko hiru bertsolarik laugarrena txikitan nolakoa zen azaldu behar izan zuten eta hura zen bere buruaren deskripzioa eginez erronda itxi zuten, hurrengora pasatuz. Bertsolari guztiak ere aulki jokoan aritu ziren eta Lazkoz ederki aritu zen.