Berasaluzek eta Zubietak ez dakite noren kontra jokatuko duten

Guaixe 2015eko otsailaren 12a

Urrutikoetxea agertu zen bakarrik material aukeraketara eta oraindik ez dakite Mikel Beroiz nork ordezkatuko duen, Untoria edo Galarza

Olaizola II-Beroiz bikotearendako aurtengo Binakakoa gurutze-bide galanta izaten ari da. Olaizola II min hartuta dago eta ez du apenas partidarik jokatu. Mikel Urrutikoetxeak hartu du bere tokia. Eta Mikel Beroizek ere arazoak ditu. Igandean Berasaluze eta Aitor Zubieta dituzte zain Bilboko Bizkaia pilotalekuan eta oraindik ez dakigu nork ordezkatuko duen Mikel Beroiz. Asteazken arratsaldeko material aukeraketan Mikel Urrutikoetxea azaldu zen bakarrik. Izan ere, Andoni Aretxabaleta ere ukituta dago. Aretxabaleta astelehenean Beotibarren jokatzeko moduan badago, Alvaro Untoria izango da Beroizen ordezkoa, baina Aretxabaletak ez badu jokatzen Alvaro Untoria izango da bere ordezkoa eta orduan Ladis Galarzak ordezkatuko luke Beroiz.

Egoera korapilotsu horrek ez die batere mesederik egiten jota dagoen Olaizola II-Beroiz bikoteari. Iganderako partidarako Berasaluze eta Zubieta dira faboritoak. Bigarrenak dira, 6 punturekin, eta zazpigarren garaipena lortu nahi dute, finalerdietara sailkatzeko lehian jarraitu ahal izateko.  Urrutikoetxea hazi egiten da Berasaluzeren kontrako partidatan, biak lagunak baitira, eta gauzak zail jarriko dizkie.
Material aukeraketan kontentu azaldu ziren hiru pilotariak.

Partida zaila izango dela uste du Zubietak
“Urrutik eta guk aukeratu ditugun pilotak oso antzekoak dira, egokiak. Pilota astunagoenak hautatu ditugu eta ez dago kexarik. Ez dakit noren kontra jokatuko dugun, baina datorrena datorrela arerio gogorra izango da. Ez dugu partida errazik espero; partida serio bat planteatu behar dugu eta orain arte bezala lan egin beharko dugu. Mungian argi geratu zen hori, bi ordezkoren kontra jokatu genuen eta sekulako partida gogorra jokatu behar izan genuen. Gainera, Urrutikoetxea ongi dago, txisparekin, eta partida zaila izango da” azaldu zuen Zubietak partida bukaeran. Binakakoan bikotea elkar ondo hartzea garrantzitsua da, baina lesioak errespetatzea, akaso, gehiago. “Azkenean jarraipenak ematen du momentu onak hartzea, astean zehar ongi entrenatu, eragozpenik gabe, partida jokatu… horrek ematen dizu konfiantza, jokoa eta frontoira etortzeko txispa. Gehitzen zoaz. Hori eteten denean ez da erraza izaten berriro hartzea. Oraingoz gu ongi gaude eta ea horrela irauten dugun” gaineratu zuen etxarriarrak.

Asteburu hau eta hurrengoa erabakigarriak dira. Goian dauden bikoteek irabazten badute, finalerdietarako sailkatuko lirateke. Etxarriarrak, aldiz, uste du oraindik denetatik gertatu daitekeela. “Garaipenetik porrotera pausu bat dago eta gerta daiteke goian gaudenok huts egiten hastea eta behekoek gora egitea. Edozer gerta daiteke baino espero dezagun guk eustea. Bi puntu behar ditugu eta horiek lortzen saiatu behar dugu” nabarmendu zuen Zubietak.