Udalak UPNri akusazio faltsuak zuzentzeko eskatu dio

Guaixe 2015eko otsailaren 12a

Herriko seme kuttun izendapena Vicente Nazabal Auzmendiri ez zaiola eman argitu du.

Nafarroak frankismoarekin lotura zuten pertsonei aitortza publikoak eta administratiboak egin zizkien. Nafarroako Parlamentuak haiek baliorik gabe uztea erabaki zuen hilaren 3an. Horren harira Carlos Garcia Adanero UPNko parlamentariak Diario de Navarrari adierazi zion: “Bildu gai hauetan irakaspenak emateko ez da egokiena, ETAko hiltzaileei herriko seme kuttun izendapenak mantentzen dituelako, Etxarri Aranatzen, esaterako”.

Udala aipatu parlamentari eta egunkariari jakinarazi die adierazpen horiek “guztiz faltsuak” direla. Hori erakusten duen eta auzi batean erabili zen udal idazkariaren ziurtagiri baten kopia ere bidali die. UPNri eta Diario de Navarrari esandakoak zuzentzeko eskatu die Etxarri Aranazko Udalak.