Urbasako saroian eraildakoen identifikazioa

Urbasako saroiko lezeko hezurduretako bat 1936an hildako etxarriar batena da

Guaixe 2015ko ots. 13a, 08:28

Aranzadiko ikerlaria buruhezurra eskuan duela.

Narciso Artola Razkin zen Aranzadi zientzia elkarteak handik atera zituen hamarretako bat. Beste bat Jose Urbizu Berasategi zegamarra da.

Saroiko lezetik ateratako gainontzeko bostak identifikatzeko DNA probak egiteko dirua biltzen ari dira Ameskoan eta Sakanan, Nafarroako Gobernuak Memoria Historikoko legea ez baitu bete eta ez du dirurik eman.


XX. mendeko erdialdean Ameskoako Balbino Garcia de Albizu Jimenezen familiak Urbasako saroiko lezean hilarria jarri zuen. Bazekiten han hil zituztela 1936an Balbino Garcia de Albizu Usarbarrena, Gregorio Garcia Larranbebere eta Balbino Bados Garcia. Hirurak ere UGTko kideak. Gorpuak lezetik ateratzeko eta identifikatzeko lana hartu zuten Garcia de Albizuk eta beste hainbat ameskoarrek.

Gorpuzkinak ateratzeko baimena jaso eta 2013ko martxoan sartu ziren lezera Aranzadi zientzia elkarteko ikerlariak eta Lizarrako espeleologia taldeko kideak. Hamar metroko sakoneran hiru gorpuzkin opatzea espero zuten, baina martxoaren 29an hamargarrena eta azkena atera zuten.


Ikerketa
Hiru ameskoarrak zirela jakina zen, baina beste zazpiak identifikatu beharra zegoen eta lan horri ekin zion Garcia de Albizuk. Horretarako, Urbasan hildakoak zituzten sakandarren senideekin harremanetan jarri nahi izan zuen. Historia-memoriaren gaia landu duen Jacinto Gomez Viniegrak bi aitonak erailak dituen Altsasuko Amaia Urkijo Artolarekin jarri zen harremanetan. Garcia de Albizu eta Urkijo ikerlari bikote bihurtu dira, Urbasako saroiko lezeko zazpi gorpuzkinei identitatea emateko. Eta haietako bat Urkijo beraren aitonetako bat izatea suertatu da.

Urkijok prentsaren bidez jakin zuen Aranzadik lezetik hamar pertsonen gorpuzkinak atera zituela. 2013ko urte akaberan jarri ziren ameskoarra eta altsasuarra harremanetan. “Liburu bat idazten ari da eta ataletako batek Urbasako hiltegia izenburua du. 1936an Urbasan hildako guztien kasuak jaso nahi ditu eta nuen informazioa eman nion”, azaldu digu Urkijok. Garai hartan altsasuarrak Etxarri Aranazko udaletxean bilaketa egin zuen eta, aldi berean, Altsasu Memoria kolektiboarekin ari zen gaia lantzen.

Bi ikerlariek ikertzearen ikertzeaz datu kontraesankorrak opatu zituzten. Eta ondorioztatu zuten Otsoportillon zeudela pentsatzen zuten edozein saroiko lezean egon zitekeela. “Balbinok esaten zidan: Amaia Otsoportillon bi aitonak dituzu. DNA probak egiten badizkizute bi baztertu edo ziurtatzen ditugu. Galtzekorik ez duzu”. Hala, Urkijoren gurasoei 2014ko irailean hartu zizkieten DNA laginak. “Susmatzen nuen moduan Etxarriko aitona agertu zen: Narciso Artola Razkin”.

Urkijok esan digunez, bere aitona han egoteak identifikatzeko falta diren bost pertsonetatik lau zein izan daitezkeen badakitela uste dute. Ikerketak hori pentsatzera eraman ditu, baina DNA probak egin arte, zuhurtziaz hitz egiten du Urkijok. “Bat faltako litzateke, kasuak baztertuz identifikatzea lortuko duguna. Argi dago sakandarren gorpuzkinak direla, ameskoar hildako gehiago ez baitago”. Urte bete pasa daramate ikerketa horretan.


Kostua
Gorpuzkinei identitatea emateko DNA azterketak egin behar dira eta horrek kostu bat du. Bost identifikazioak egiteko diru falta da traba. Urkijok azaldu digunez, “Memoria Historikoaren Legea indarrean jarri beharko luke Nafarroako Gobernuak. Berak ordaindu beharko lituzke DNA azterketak. Baina dirua Aranzadi zientzia elkartea aurreratzen ari da eta bera ari zaigu esaten: aizue, hemen ordaindu gabeko faktura bat duzue. Probekin jarraitu nahi baduzue, faktura hau ordaindu behar da”. Gobernuak ez du diru-laguntza deialdirik egin.

Horregatik, senideek diru eske Urbasan herritarren bat hilda duten Ameskoako eta Sakanako herrietako udaletara jo dute. Gure ibarrean Etxarri Aranatz, Urdiain, Altsasu, Olatzagutia eta Ziordia, hain zuzen ere. Etxarriko Udalak dagoeneko diru ekarpenari oniritzia eman dio. Beste udalen erantzunaren zain daude senideak. Gainera, “identifikatuak daudenen senide garen hiru familiak diru-ekarpena egiteko prest gaude”, argitu du Urkijok. Lezean egon daitezkeenen senideak ere dirua jartzeko prest daude. Baina “han dagoen jakin gabe dirua ezin da jarri. Dakigunok ekarpena egitea logikoago iruditzen zait”.

Dirua biltzeko lanean ari dira gaur egun. Eta jakina, “dena eginda dugunean Nafarroako Gobernuari erreklamazioa eginen diogu. Gutunak idazten eta tramiteak egiten hasiak gara. Nafarroako Gobernuaren atean joko dugu, Memoria Historikoaren Legea indarrean jar dezaten. Lagundu gaitzala gorpuzkin horiei izen-abizenak jartzen. Baina, antza, badirudi ez dela hildako horien izena jakitea interesatzen”.

Altsasuarrak nabarmendu duenez, “hamar hildako zeuden leze bateko bederatzi identifikatzea itzela litzateke. Falta dena identifikatzeko ikerketa lana egiten segitu beharko genuke. Halakorik beste inon lortu den ez dakit. Arazoa ekonomikoa da, ikerketa lana egina baitago. Balbinok eta biok Aranzadiri dugun dokumentazio guztia eman diogu, DNA probak egin eta identifikatzea lortu ahal izateko”.

DNA probak egiteko lezean ustez hildakoen senideen bilaketan aritu da Amaia. “ez zeudela uste nuenekin ere topo egin dut. DNA proba egiteko prest eta zain dauden familiak ditugu”.
 


Etsia eta gezurra
Bi aitonak opatzeko inolako esperantzarik ez zuen Urkijok. “Beti Otsoportillon izanen zirela uste izan dugu. Hori dioten heriotza-agiriak ditugulako, lekukoen zin eta sinadurak dituzte”. Urkijori Garcia de Albizuk “begiak zabaldu” zizkion: “berdin dio heriotza-agiriak izatea. Hiltzeko gai izan badira, gezurra esateko gai izan dira”.

Lezeko bat bere aitona zela esan ziotenean, pozarekin batera Urkijok ondoeza sentitu zuen. “Sentimendu pilaketa izan zen. Alde batetik: bazen garaia! Bestetik, bizi guztia gezur bat sinesten. Amorrua! Amonaz eta hilda dauden amaren bi ahizpez gogoratu nintzen: hemen baleude zer pentsatuko lukete?” Amak albistea negar batean jaso zuela adierazi digu:  “gezurra esan digute, gezurra esan digute, gezurra esan digute”. Hori gutxienekoa zela esan zion. Aurkikuntzaren ondoren amak eta osabak lasai hil daitezkeela adierazi dute.

“1980ko iraileko aurreneko igandetik, urtero, Otsoportillon omenaldiak egin ditugu, bi aitonak han zeudelakoan. Sorpresa izan da Urbasako saroiko lezean zegoela jakitea. Amak hasieran ez zuen onartu nahi. Bizi guztian Otsoportillon zegoela pentsatzen eta orain zer egin behar dugu, pentsatzen zuen” esan digu Urkijok. “Baina zer inporta du batean edo bestean egotea, ama” esan zion, “Otsoportillokoa egin zenutenean Urbasan eta Sakana guztian hildakoenen sinbolo modukoa izan zen”. Zegamarraren senideen modura Otsoportillon hil zutela uste izan dugu beti”. Aurten ere iraileko lehen igandean hara joanen dira, “baina aurten ni Otsoportillora eta Urbasako saroira joanen naiz”.

Urkijok aurreratu duenez, gorpuzkinak ez dituzte Otsoportillora eramanen. “Saroiko lezea handia eta lehorra dela jakinarazi digute. Bakoitza bere kutxatxoan hara bueltatuko lirateke eta han betiko geldituko dira. Hilerrira eramatea da pentsatzen ari garen azken gauza da. Lezean egon badira, betirako segi dezatela han”. Hala ere, aitortu du familia batzuetan erabakia ez dela erraza izanen, ondoren hildako beste senideen errautsak Otsoportillon zabaldu dituztelako.



Narciso Artola Razkin
Rafaelaren eta Miguel Sebastianen semea 1903ko azaroaren 29an jaio zen. Brigida Igoa Satrustegirekin ezkondu zen eta lau seme-alaba izan zituzten: Ignacio, Celedonia, Benita eta Maria Angeles. 33 urte zituela atxilotu zuten, 1936an. 20 bat egun espetxean izan zuten. “Atera eta kamioira igoarazi zituzten”. Irailaren 6ko goizaldean, Urbasan, arrazoi politikoengatik fusilatu zuen Falange Españolako pelotoi batek.

Identifikatutakoa Urkijoren amaren aita zen. Amak dioenez, “nire anaia Albertok haren antza du. Aitonak ez zuen altura handirik. Langile handia. Ikazkina izan zen. Bizkaiko labe garaietan lanean egon zen. Gurasoen adinduak ziren eta lurrak lantzeko eta abarrerako anaia ezkongabeak bueltatzeko eskatu zion. Kezka ugari zituen eta UGTko kide zen. Langileak defendatzeko UGTko taldea sortu zen Etxarrin eta aitona diruzaina zen. Talde hartako bostak atxilotu zituzten”.



Hil… eta gehiago
Lezean hamar gorpuzkinekin batera Guardia Civilak indargabetu zuen eskuko granada bat eta, gutxienez, lau txakurren hezurdurak opatu zituzten Aranzadikoek. Garcia de Albizurena da azalpena: “txakurrak zakutan jaitsiko zituzten. Hildakoen gorpuak janez elikatu ziren eta paretetako ura edan zuten. Jateko gehiago ez zutenean elkar hil eta jan zuten”.


Beste aitona
1936an hil zuten Urkijoren beste aitona Victor Urkijo Tobarina da. Haren gorpuzkinak identifikatzea zailagoa izanen dela dio Amaiak. “Otsoportilloko lezean hezetasun handia dago. Garai batean jaitsi eta gorpuzkinak jaso ziren kutxa batean sartzeko. Urez beteta dago. Ez omen daude baldintza egokitan”. Hezur lapurretak izan direla ere salatu du.

Jaitsi izan direnek arrasto handirik ez dagoela esan diote. “Kaskailu eta harri kamioi ugari ere bota zituzten. Azpian agian gorpuzkinak daude. Ni saiatuko naiz. Hezur bat badago eta aukeraren bat badago, ni nire beste aitona identifikatzen saiatuko naiz. Familia eta jende ugarik lagundu dezake honetan, jakina”. Non dauden dakiten guztiek gorpuzkinak berreskuratu eta identifikatzeko borrokan aritu beharko luketela uste du.

Otsoportillon uste dena baino hildako gutxiago daudela ziurtatu digu Urkijok. “Entzun izan dugu Otsoportilloko lezean 200 pertsona baino gehiago bota zituztela. Ez dut kontu hori sinesten. Honen guztiaren inguruan kontu asko baitaude. Gu bezala, ikertuz gero, azkenean zenbat dauden dakizu. Familiek erreklamatutakoa dira. Leze gehiago egon daitezke, jakina”.

Urkijoren arabera Urbasan hildakoak lirateke: saroiko lezeko hirurak eta Otsoportillokoak: Etxarriko bost, Urdiaingo bat, Altsasuko sei, Olatzagutiko hiru eta Ziordiko bi. Zegamakoa. “Lautadakoak han dauden ez da ziurra, kontraesanak daudelako. Eta ez dakit bakarren bat gehiago dagoen. Iruñekoren bat dago, baina ez dakigu non. Baina zein familiak esan edo dakite euren hildakoak Urbasan daudela?”