Igande eguerdian ospatu zen Etxarri Aranazko odol-emaileen urteroko festa. Adona elkarteko kideek aukera etxarriarrak euren inguruan odol emateari buruzko kontzientzia zabaltzea eskatzeko baliatu zuten. Elkartearen autobusa etortzen denean osasun etxetik pasatzea besterik ez da egin behar.
Ekitaldian, Adonak zazpi etxarriarren eskuzabaltasunaren aitortza egin zuen. Odola 50 alditan emateagatik urrezko domina jaso zuten Bernardo Garziandia Goñik, Iñigo Orella Alzuetak eta Mikel Razkin Iraurgik. 25 emate egiteagatik, berriz, zilarrezko domina eskuratu zuten Juan Francisco Ansotegi Lizarragak, Francisco Javier Asensio Igoak, Xabier Jauregi Quintanak eta Maria Victoria Lizarraga Senarrek.
Datuak
Etxarri Aranatzen 448 odol-emaile daude. Haietatik joan den urtean 153k eman zuten odola, aurrekoan baino 26 gehiagok. 310 emate egin zituzten etxarriarrek 2014an (82 gehiago). Haietatik, bi aferesi eta bi autotransfusio ezik, guztiak ohiko odol-emateak izan ziren. Elkartearen autobusa gehiagotan etorri zenez, 258 odol emate egin ziren Etxarrin bertan 2014an (85 gehiago). Beste toki herri batzutan 52 odol emate egin zituzten etxarriarrek (3 gutxiago). Emate guztietatik 60 atzera bota zituzten (18 gehiago). Bestalde, joan den urtean bederatzi etxarriar odol-ematera animatu ziren estreinakoz (aurreko urtean baino hiru gehiago).
Odol-emaile egiteko
Elkartearen autobusa herrira etortzen denean, osasun etxe edo kontsultategi ondoan jartzen da. Han informazio guztia ematen dute. Bestela, Iruñean, Nafarroako Ospitalearen ondoan du egoitza Adonak. Etxarrira autohemotekak, autobusak, hurrengo bisitak maiatzaren 6an eta 13an eginen du, arratsaldez. Egutegia kontsultatzeko hemen sakatu.