Saria, murrizketak eta auto-edizioa

Guaixe 2015ko ots. 26a, 19:25

Iñigo Izalek egin ditu liburuko ilustrazioak.

Jose Luis Asensiok Iruñeko Udalaren egile-berriendako narrazio laburren saria irabazi ondoren, mikro-mezenazgo bidez argitaratuko du lan saritua, murrizketengatik udalak ez baitu eginen.

Idazle etxarriarrak 2013ko abenduaren 19an jaso zuen Iruñeko Enrique Maya alkatearen eskutik XXIV. egile berriendako literatura lehiaketako narrazio laburren saria. Aurreko edizioetan saritutako lanak liburu batean argitaratzen zituen udalak. Hala argitaratu dira urtetan makina bat sakandarren lanak. Baina 2013ko deialdiko lanak ez ditu argitaratuko Udalak. Jose Luis Asensiok esan digunez, “udalak dirurik ez duelako”.

Gauzak horrela Asensiok auto-edizioaren bidea aukeratu eta berak bere liburua argitaratzea erabaki du. Saritutako narrazioarekin batera berak idatzitako beste hiru narraziorekin osatuko da liburua. Hura argitaratu ahal izateko etxarriarrak crowfunding kanpaina martxan jarri du Verkami atariaren bidez.

Etxarriarrak berak aitortu duenez, “zenbat liburu argitaratu ez dakit eta inbertsioa huts hutsean egitea arriskutsua da gaur egun. Horrexegatik, dirua baino garrantzitsuagoa oraindik, jendearen artean duen harrera jakitea da. Inkesta moduan ere ikusi nahi dut proiektua, zenbat pertsonei benetan interesgarri iruditzen zaien jakiteko”.
 
Liburua
Iñigo Izal artistaren ilustrazioekin hornituko da liburua, idazlearen esanetan “kalitatea irabaz dezan”. Asensiok Ixa ASAP! narrazioagatik jaso zuen saria. Harekin batera beste hiru narrazio hauek osatuko dute argitalpena: Aitorren pena, Ohizko prozedura eta Damutzea ez da nahikoa. Irakurle helduei zuzendutako narrazioek gai ezberdinak jorratzen dituzte. Aurrenekoan, sarituan, neska gazte batek Iruñean bere negozioa eta bizia aurrera eramateko pasatu beharreko abenturak deskribatzen dira.

Urbasan kokatzen da bigarren narrazioa. Mendira goiz pasa joan diren bi lagun dira protagonista. Elkarrizketak haien arteko garai bateko arazo eta gertaerak azaleratuko ditu. Hirugarren narrazioa, aldiz, etxeko andre baten ingurukoa da. depresio eta autoestimu ezak jota, etxeko andrearen goizak, ez dira ez beti errazak izaten. Senarraren samurtasunak laguntzen dio, ustez. Azken narrazioak ustez bulegari arrunt eta aspergarri batengana eramanen du irakurlea, atmosfera ilun eta makur batean murgilduz. Aurreneko narrazioaren gaztelaniazko itzulpena pdf formatuan e-postaz jasotzeko aukera ere eman du idazleak.

Ekarpenak
Etxarriarrak liburua argitaratu ahal izateko 600 euro eskuratu nahi ditu. 40 egun ditu horretarako. Crowdfunding kanpainetan ohikoa denez diru kopuru ezberdinetako diru ekarpenak egin litezke eta kopuruaren arabera sari bat edo beste eskuratuko du ekarpenaren egileak. 5, 12, 15, 25, 120 eta 300 euroko ekarpenak egin daitezke.

Eskatutako dirua batuz gero, liburua hilabete baten buruan argitaratu eta banatzen hasiko dela aurreikusten du idazleak. Bestalde, ekarpen handienak egiten dutenekin aurten liburuari buruzko solasaldi bat hitzartuko du.

Sarean
Bloga
Crowdfunding kanpaina