Hasi da baso plana berritzeko parte-hartze prozesua

Guaixe 2015ko mar. 6a, 08:20
Hogei bat etxarriar elkartu ziren lehen bileran.

Herenegun 20 bat etxarriar elkartu ziren udaletxean. Bilera horrekin Etxarri Aranazko Udalak baso plana berritzeko parte hartze prozesuari hasiera eman zion. Prozesuak hilabete iraunen du eta guztia dinamizatzen Edurne Gerendiain (Garrapo) eta Igor Erbiti (Lur Geroa) ari dira.

Erbitik azaldu digunez, udalaren asmoa da “mendi antolakuntza plan integratu berri baten oinarri sendoak ezartzera, konponbide egingarri eta iraunkorra lortzeko”. Lur Geroa enpresako kideak esan digunez, plan integratua “ezin da baso ustiaketa eta kudeaketara, edo espezien kontserbaziora mugatu. Inguruko gizartea eta ekonomia garatzeko plana behar du”.

Martxan jarritako prozesuarekin, udalaren eta Etxarriko hainbat gizarte eta ekonomia eragileren arteko plangintza eta kudeaketa hitzartzea lortu nahi da. Adostutako ondorioak Nafarroako Gobernuari jakinaraziko dizkiote eta heldu den legegintzaldian itxiko da plana. Nafarroako Gobernuak oniritzia eman ondoren, bi administrazioek plana aurrera ateratzeko konpromisoa hartu beharko dute.

Saioen dinamika
Hurrengo bi saioetan basoa eta gai zehatzen gainean ariko dira tailerretan. Haiei buruz dauden aukerak, arazoak, helburuak, neurriak eta ideiak azaleratu nahiko dituzte. Matxoaren 25eko azken saioan ekarpen guztien laburpena eginen da. Aldi berean, atzera bota diren ekarpenen laburpena eta zergatia emanen da. Parte hartzearen ezaugarrien laburpenarekin batera parte-hartzaileek egindako ebaluaketak ere azalduko dira. Parte hartze prozesua hilabete barru despedituko da Etxarriko hariztira egindako bisita gidatu batekin. Arduradunek horrela eman nahi dizkiete eskerrak parte-hartzaileei.

Herenegungo saioan udaleko ordezkariek parte-hartzaileei helburuak azaldu eta plana osatzeko eman beharreko urratsak azaldu zituzten. Helburua herriko basoen plangintza integratua egitea denez, basoan garatu diren edo garatzeko asmoa dagoen proiektuen berri emanez hasi zen parte hartze prozesua. Hala, plan berrian guztien ekintza programatuak jasotzeko.  

Basogintzarekin lotuta: aurreko baso plana eta Sakanan tokiko biomasa erabiltzeko bideragarritasun ikerketa. Abeltzaintza eta bioaniztasunarekin lotuta: abereak basoan egoteko proba pilotua, igelendako putzuak, Aralar kontserbazio bereziko eremua, ehiza plana eta Bechstein iñerexaguei buruko ikerketa. Turismoarekin lotuta: haritz zaharren eta trikuharrien ibilbideak, Enecco parkea, toponimia, San Juan Baleontzia eta toponimoen ikerketa. Azkenik, inguruko gizartea eta ekonomia garatzeko proiektua, Sakanako Plan Estrategikoa, ere aipatu zuten.

Informazioa
igor@lurgeroa.com


Egitaraua
Martxoak 11, asteazkena
18:00etatik 21:00etara Basogintza eta abeltzaintza tailerra.

Martxoak 18, asteazkena
18:00etatik 21:00etara Bioaniztasuna, turismoa eta inguruko gizartea eta ekonomia garatzeko beste proiektuen tailerra.

Martxoak 25, asteazkena
18:00etatik 20:00etara Parte hartze prozesua ixteko saioa.

Apirilak 11, larunbata
11:00etatik 13:00etara Parte hartze prozesuaren harrera publikoa.