Sakanako Libre Eguna bihar Etxarrin

Guaixe 2015ko mar. 13a, 09:13

Epaiketa politikoak eten eta herri aske batean pertsonak libre nahi dituztela aldarrikatuko dute.

Sakanako Libre dinamikak antolatu du biharko Etxarri Aranazko egitarua. Herri aske batean pertsonak libre! Elkartasunetik konpromisora leloa du. Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea eta horren aldeko lan politikoa ezabatzeko epaiketa politikoak egiten direla eta haietan oinarrizko eskubideak urratzen direla salatu nahi da biharkoan.

Dinamikako kideen “iritziz Euskal Herriaren eskubide zibil eta politikoak ukatzean dago gatazkaren oinarria” eta halako epaiketak “Euskal Herriaren kontrako erasoak dira”. Halako epaiketetan zortzi sakandar auzipeturik daudela gogorarazi dute ere. Libre dinamikatik gaineratu dutenez, “Euskal Herriko gizarteak eraso horien guztien aurrean konponbidearen aldeko apustua egiten duela argi dago”. Herri aske batean pertsonak libre nahi dituztela nabarmendu dute.   

Sakanako auzipetuak
Ilbeltzaren 12an atxilotutako Fran Balda arbizuarra; Arruazuko Aritz Ganboa Askapenaren kontrako sarekadan atxilotua eta espetxeratua, epaiketaren zain dagoena; Etxarriko Patxi Arratibel eta Joxe Aldasoro, Ekinen kontrako sarekadetan atxilotuak eta espetxeratuak eta epaiketaren zain daudenak; Altsasuko Edurne Martinez, Donostiako herri harresian parte hartu eta epaiketaren zain dagoena; Etxarriko Juan Cruz Aldasoro herriko tabernetako auzian epaitua eta kondenatuta eta Arbizuko Ainara Ladron (absolbitua) eta Olatzagutiko Imanol Salinas (espetxe eskaera) Segiren aurkako 2010eko auzian udazken-neguan epaituak.

Egitaraua
Goizez, Zorri Azoka.
12:00etan Areto futbol partida: auzipetuak & Auzitegi Nazionala
14:30ean Herri bazkaria eta kantaldia.
18:30ean Eskalada txapelketa.
20:00etan Ekitaldia.
23:00etan Kontzertuak: Odio, Arkada eta Sonido de la metralla.