Lazkozen laugarren finala

Guaixe 2015ko mar. 27a, 12:00

Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala jokatuko da bihar, 17:00etan, Elizondoko Baztan pilotalekuan. Etxarriarrarekin batera Julio Soto, Xabier Terreros, Aimar Karrika, Ander Fuentes “Itturri”, Eneko Fernandez, Oskar Estanga eta Julen Zelaieta ariko dira

33 bertsolarirekin abiatu zen Nafarroa Bertsolari Txapelketak, eta haietako zortzi izan dira finalera iritsi direnak. Bihar bertsotan ariko diren guztiak aurretik ere finalen batean arituak dira, eta haietako bik Julio Sotok (2010 eta 2011) eta Julen Zelaietak (2008) txapela ere jantzi dute. Eneko Lazkoz Martinezek laugarren finala jarraian kateatu du (2010, 2011, 2013 eta 2015) eta onenen artean ariko da, atzera ere, bertsotan.

Fernando Anbustegi eta Alaitz Rekondo aurkezleek gidatuko dute saioa eta bertsolariek honako lana egin beharko dute: binaka gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian; binaka gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian; banaka lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian; binaka gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian eta banaka gaia emanda, bi bertso nahi den doinu eta neurrian.

Puntuaziorik altuena duten bi bertsolarien arteko buruz burkoa jokatuko da ondoren, lan honekin: binaka gaia emanda, zortziko txikian puntutan, zortzi bertso osatu arte; binaka gaia emanda, hiruna bertso sei puntuko motzean eta kartzelako lana: banaka gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.

Aldaketa
Nafarroako Bertsolari Txapelketako azken bi edizioetako finalak (2011, 2013) Iruñean jokatu ziren. Baina aurten Nafarroako Bertsozale Elkarteak finala Elizondora eraman du. Elkartetik adierazi dutenez, bi izan dira aldaketarako arrazoiak: “egun, txapelketako final bat Iruñean egiteko babes nahikorik ez du Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta, bereziki, egoera ekonomikoak bultzatuta gauzatu da aldaketa”.

Elkartetik gaineratu dutenez, “azken urteetan bertsolaritzaren transmisioan eta indartzean lan handia egin da Baztanen eta final gogoangarriak jokatu izan dira Elizondon. 2015eko Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalarekin beraz, beste urrats bat eman nahi da bertsolaritzaren sustapenean”.

Sarrerak
www.bertsosarrerak.eus atariaren bitartez edo Etxarri Aranazko Xapatero tabernan eskuratu daitezke. Txarteldegia bihar 15:00etan zabalduko dute. Finalaren ondoren triki-poteoa izanen da Elizondoko tabernetan zehar eta afaria ere eginen da Elizondoko Trinketean.