Zubieta: “Oso pozik nago”

Guaixe 2015ko api. 17a, 08:33

Atzelari etxarriarrak oraindik ezker eskua justu dauka eta Logroñon tratamendua hartzen jarraituko du

Apirilaren 26an Aitor Zubietak Binakako finala jokatuko du, Pablo Berasaluze biko duela. Aurrean Oinatz Bengoetxea eta Alvaro Untoria izanen dituzte. Pozik dago etxarriarra. “Badakizue nolako astea izan zen aurrekoa. Eskuak gaizki nituen, ez zidaten atzerapena onartu eta horrela jokatu nuen finalerdia, eskuko minarekin. Baina, zorionez, Ezkurdiari eta Zabaletari eusten jakin genuen eta azkenean finalerako sailkatu gara. Aste gogorra izan zen eta oso pozik nago finalera heltzeagatik” azaldu digu etxarriarrak.

Aitor Zubietaren eskuak ez daude, oraindik, behar bezala. “Eskuina nahiko ongi daukat baina ezkerra justu. Logroñon tratamendua hartzen ari naiz, aste honetan horrela jarraituko dut, asteburuan suabe piloteatzen hasiko naiz eta ea hurrengo astean normal entrenatu ahal dudan. Berasaluzerekin entrenamendu bat gutxienez egingo dut finala prestatzeko” adierazi digu. Finala, jakina, gogorra izango dela jakitun da etxarriarra. “Kontrarioak oso gogorrak dira, baina final batean ez da gutxiagorik espero. Oinatz eta Alvaro ikusgarri daude. Guk gure jokoa egitera aterako gara, bestela jai daukagu” gaineratu du.  

Etxarrin final giroa
Etxarriarrak bere zaleak alboan izan ditu eta jakina, finalean ez diote hutsik eginen. “200 sarrera eman zizkidaten eta berehala agortu dira, badakit autobusa prestatzen ari direla eta Etxarriko pilotazaleak eta lagunak han izango ditut. Giroa oso ona da eta asko pozten dit horrek, animuak ematen dizkizu” nabarmendu du. Gainera, finala irabazi edo ez, ospakizuna eginen dute Etxarrin. “Asteburu honetan garagardo festarako jarri duten karpa mantenduko da eta karpa horretan egingo dugu afaria eta ospakizuna, txapela ekarri edo ez. Esan didate berehala jarriko dituztela txartelak salgai” azaldu digu atzelari etxarriarrak. Aste honetan komunikabideak atenditzen nahikoa lan izango du “Ea bizpahiru egunetan denak atenditzen ditudan, pozik gainera, eta gero finalean zentratzen naizen” dio. Zorterik onena opa diogu.