Etxarriko osasun zerbitzuak euskaraz

Etxarrin osasun zerbitzu guztiak euskaraz jasotzeko eskubidea aldarrikatu dute

Guaixe 2015ko api. 17a, 08:15

Hori lortzeko herritarrek Nafarroako Gobernuari zuzendutako eskaera sinatzera animatu dituzte.

Etxarri Aranazko Udalak, EHE, UEMA eta Sakanako Mankomuniteko Euskara Zerbitzuarekin elkarlanean, Mediku euskalduna nahi dut ekimena martxan jarri dute. Haren bidez Etxarriko osasun zerbitzu guztiak euskaraz jasotzeko eskubidea aldarrikatu nahi dute. Horretarako, maiatzera bitartean herritarrak Nafarroako Gobernuari zuzendutako eskaera sinatzera animatu dituzte. Antzeko kanpaina martxan da Baztanen, Bortzirietan eta Leitzaldean.

Egoera
Euskararen Legearen arabera, “herritar guztiek dute administrazio publikoarekiko harremanetan euskara zein gaztelania erabiltzeko eskubidea, eta beraz, eurek aukeratzen duten hizkuntza atendituak izateko eskubidea”.

Zoritxarrez, Nafarroako Gobernuak etxarriarrei ez die osasun asistentzia guztia euskaraz izatea bermatzen. Kanpainako sustatzaileek nabarmendu dutenez, adibide garbiena Emakumeen Arretarako Zentroa da: “bertako lanpostuek ez dute euskara eskakizunik: ginekologoa, emaginak, hezitzailea eta administraria”. Gaineratu dutenez, Osasun Etxeko beste lanpostuetan ere ez da beti bermatzen profesionalek euskaraz jakitea; “esaterako, bertako mediku, pediatra edo erizainen ordezkoak kontratatzen direnean, edo urgentziazko zerbitzuetan”.

Eskaerak
Horren aurrean, kanpaina bulkatu duten erakundeek herritarrei dei egiten die zerbitzu euskalduna izateko eskaera formala egin dezaten. Horretarako eskaera idatzi eredua sortu dute, Etxarrin jasotzen diren osasun zerbitzu guztiak euskaraz jasotzea nahi dela adierazteko. Zehazki, hiru eskaera egiten dira: Batetik, lanpostu horiek plantilla organikoan euskara eskakizuna izan dezatela. Bestetik, dagoeneko lanean ari diren eta beharra duten langileek euskalduntze plan bat izatea. Eta, azkenik, idatzizko euskarriak ere euskaraz egotea bermatu dadila (hizkuntza paisaia, agiriak, zitazioak, txostenak, aholku-zerrendak…). Jasotako eskaera guztiak Osasunbideari, Arartekoari eta Hizkuntza Eskubideen Behatokiari aurkeztuko zaizkio.

Eskaera Etxarriko osasun zerbitzuen (Osasun etxea eta Emakumeen Arretarako Zentroa) erabiltzaileek sinatu dezakete, beti ere, 16 urtez gorakoek. Maiatzaren 31ra arteko sinatu daitezke eskaerak. Osasun Etxean, Etxarriko udaletxean (10:00etatik 14:00etara), Liburutegian (16:30etik 20:00era) eta herrian jarriko diren bilketa puntu berezietan sinatu daitezke. Igandean, esaterako, Etxarriko plazan sinadurak biltzeko mahaia jarriko dute.