Urbasako saroian eraildakoen identifikazioa

Urbasako saroiko lezeko hezurduretako bederatzi identifikatuak

Guaixe 2015ko api. 23a, 19:11

Aranzadiko ikerlariak leze barruan.

Izena falta zuten bost hezurduretatik lau etxarriarrenak direla: Clemente Araña, Paulo Garciandia, Andres Gonzalez eta Antonio Maiza. Aurretik, Narciso Artolaren hezurdura identifikatua zegoen. Guztiak Etxarriko UGTko kideak ziren.

Aranzadi zientzia elkarteak Balbino Garcia de Albizu Asurabarrena, Gregorio Garcia Larranbebere eta Balbino Bados Garcia ameskoarren, Jose Urbizu Berasategi zegamarraren eta Narciso Artola Razkinen hezurrei aurretik izena emana zien. Urbasako saroiko lezean opatutako beste bost hezurdurei izena jartzea falta zen. DNA probek eman diete. 1936ko irailaren 6ko goizaldean erail zituzten. Kasuak baztertuz, identifikatzeko falta den horri izena ematea errazagoa izanen dela uste du Amaia Urkijo altsasuarrak.

Berak eta Balbino Garcia de Albizu ameskoarrak egindako ikerketaren emaitza dira identifikazioak. Artola identifikatu zutenetik nahiko argi zuten saroiko lezean beste lau etxarriarrak izanen zirela, Urkijok esan digunez, “bostak egun berean hil zituztela garbi baikeneukan”. Pasa den asteartean poz handia hartu zuten bai ikertzaileek baita eraildakoen senideek. Hasieran, Urbasako saroiko lezean egonen zirenaren zalantza izan zuten, beti Otsoportillon zeudela uste izan baitzuten.

Elkartu
Urkijok azaldu digunez, orain familia guztiak elkartu eta ekitaldiren bat eginen lukete. Familietako batzuk dagoeneko aurreratu dute euren senidearen hezurdurak jasotzen dituzten kutxak Urbasako saroiko lezean uzteko eta hura zigilatzeko nahia. Hala eginen balitz izen-abizenak dituen plakaren bat jarriko litzateke. Bestela, iraileko lehen igandean Otsoportillora igotzen segituko dute. Baina, gero Urbasako saroira joanen dira.

Dozena bat sakandar identifikatzeko
Esperientzia honek eman dion eskarmentuarekin Urkijok esan digu: “agian Otsoportillon zeudela uste genuenak ez daude han. Urbasan leze asko daude. 78 urteko gezurraren ondoren nik denetarik sinistu dezaket”. Urdiaindar bat, sei altsasuar, hiru olaztiar eta bi ziordiar opatzeko falta dira. Arabako Lautadako eta Iruñekoren bat egon daitezke ere.

Saroio azken hezurdurari izena eman ondoren, Otsoportillokoak identifikatzeko lanean hasiko da Urkijo. Lagundu nahi duten senideek harekin harremanetan jartzea besterik ez dute. Urkijok azaldu digunez, Otsoportillokoa zailagoa izanen da: “hezurrak lapurtu dituztelako eta lezean hezetasun handia dagolako. Garai batean jaitsi eta gorpuzkinak jaso ziren kutxa batean sartzeko. Urez beteta dago. Ez omen daude baldintza egokitan”.

Dirua
Identifikazioak egiteko DNA laginak behar ziren. Batzuen senideekin harremana zuten, baina ez besteena. Hala ere, lortu zuen Urkijok. DNA hartzeko kitak erosi eta haren ilobak eta erizaina den Garcia de Albizuren emazteak laginak hartu zizkieten. Kit horien erosketa, laborategietan egindako DNA ikerketak eta alderaketak 10.500 euroko kostua izan dute. Memoria Historikoaren Legearen arabera Nafarroako Gobernuak ordaindu behar ditu identifikazio gastuak. Baina horretarako diru-sailik ez du jarri. Senideek eta Ameskoako, Etxarri Aranazko, Altsasuko eta Olatzagutiko udalek aurreratu dute dirua. Faktura Nafarroako Gobernuri aurkeztuko diote guztia despeditzerakoan.


Zein da zein
Clemente Araña Miguel de Etxarri
1906ko azaroaren 22an jaio zen etxarriarra 39 urte zituela hil zuten buruan pistola bi tiro emanda. Matea Artiedarekin ezkondua zegoen. Alarguna eta lau seme-alaba utzi zituen. Nekazaria zen ogibidez eta UGT sindikatuko Etxarriko batzordean bokala zen. 1936ko irailaren 6ko goizaldean hil zuten. Aurretik hainbat egun eman zituen Etxarriko espetxean.

Paulo Garciandia Arin
Marcelo Garciandia eta Gregoria Arinen semea 1893an jaio zen Etxarri Aranatzen. Ezkongabea, Bilbon lantegi batean lan egiten zuen. Atxilotu zutenean Etxarrin oporretan zegoen. Herriko espetxean preso izan zuten egun batzuez eta 1936ko irailaren 6ko goizaldean pistola tiro batez hil zuten, 43 urte zituela.

Andres Gonzalez
Margarita eta Leonen semea 1904ko azaroaren 10ean jaio zen Calahorran. Ezkondua eta bi seme eta alaba bat zituen. Trenbideko langilea zen eta Etxarri Aranatzen bizi zen. Herriko UGTko batzordeko idazkaria zen. 31 urte zituela atxilotu eta egun batzuez herriko espetxean izan zuten. 1936ko irailaren 6ko goizaldean pistola tiro batez hil zuten.

Antonio Maiza Miranda
Juana eta Juanen semea, 1906ko azaroaren 2an jaio zen Etxarri Aranatzen. Luisa Argiñena Elberdinekin ezkondua, seme bat zuen. Zerrategi bateko langilea eta Etxarri Aranazko UGTko burua zen. Atxilotu eta herriko espetxean preso izan zuten. 1936ko irailaren 6ko goizaldean buruan egindako pistola tiro batez hil zuten, 29 urte zituela.

Narciso Artola Razkin
Rafaelaren eta Miguel Sebastianen semea 1903ko azaroaren 29an jaio zen. Brigida Igoa Satrustegirekin ezkondu zen eta lau seme-alaba izan zituzten: Ignacio, Celedonia, Benita eta Maria Angeles. 33 urte zituela atxilotu zuten, 1936an. Sei eta hamar egun artean Etxarriko espetxean izan zuten. “Atera eta kamioira igoarazi zituzten”. Irailaren 6ko goizaldean, Urbasan, arrazoi politikoengatik fusilatu zuen Falange Españolako pelotoi batek.


www.memoria-oroimena.unavarra.es
Nafarroan 1936 eta 1975 urte bitartean frankismoak eragindako mota ezberdineko errepresioa jasan zuten milaka pertsonen izenak biltzen dituen datu basea.