Popiñe Emarock eguneko irudia

Guaixe 2015ko api. 25a, 08:46

Emakume musikariak agerian jarri, erreferenteak sortzeko eta emakumeek egindako musika esparru publikora zabaltzeko proiektua da Emarock. Horretarako argazki erakusketak, irratsaioak, Emarock gauak  eta beste egin dituzte. Proiektuaren sustatzaileek ekimen berria iragarri dute biharko: Emarock eguna. Aretxabaletan, 11:00etatik iluntzera arteko egitarau zabala izanen da. Emakume musikariak izanen dira protagonista 14 emanaldi eta tailerrak iragarriak daude.

Goazen rockeatzera! da ospakizunaren leloa. Irudia, berriz, Olatz Aldasoro diseinatzaile etxarriarraren Popiñe da. Musika maite duen neskatila da Popiñe, kontzertuetan “dena ematea gustatzen zaiona”. Aldasoro Popiñe baju-, bateria- eta trikiti-jole gisa ere irudikatu du okasiorako. Aurretik Popiñe (panpina Sakana erdialdean) beste hainbat egoeratan ezagutu dugu, hitzik gabe, hainbat sentsazio, emozio, egoera... adieraziz.

Popiñe trazu garbiko ilustrazio bat da, Aldasorok eskuz margotuta. Ondoren digitalizatu egiten du eta ordenagailuan koloreztatu du. Aldasorok azaldu zigunez, Popiñe 2010ean jaio zen. "Arte-terapiako ikastaro bat egiten ari nintzela, etxeko lan bezala ipuin bat egitea bidali ziguten". Popiñek sentitzen zituen gauza desberdinak adierazteko egileak ia testurik gabeko ipuin bat sortu zuen. Zergatik apenas testurik? "Idazterakoan adierazi nahi dudana behar bezala esan ez dudan sentsazioarekin gelditzen naiz. Baina marrazkiekin ez dut hori sumatzen. Marrazketak "plus" hori duela uste dut: marrazki bat, bakoitzak nahi duen bezala interpretatu dezakeela".