Bigarrenak itxaron beharko du

Guaixe 2015ko api. 27a, 12:43

Oinatz Bengoetxeak eta Alvaro Untoriak jantzi dute Binakako txapela, merezimendu osoz, Pablo Berasaluzeri eta Aitor Zubietari 22-7 irabazita. “Saiatu gara, baina gu baino gehiago izan dira eta eurak zoriontzea, ez dago besterik” adierazi zuen etxarriarrak

Final handien giro bikaina zegoen atzo Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Pilotalekua beteta, jendea giro ederrean eta euren pilotariak animatzeko makina bat pankarta. Tartean, Etxarri Aranaztik Zubieta animatzera Bilbora gerturatutako etxarriarrak zeuden. Aitorren aldeko pankartak zintzilikatu zituzten Bizkaian eta Zubieta animatu zuten, gogoz. Egia esan, Berasaluzek eta Zubietak Bizkaiko zale gehienak bere alde zituzten, baina, azkenean, Bengoetxearen eta Untoriaren aldeko zaleek disfrutatu zuten gehiago, leitzarrak eta naxerarrak jantzi baitzuten txapela.

Partida parez pare hasi zuten bi bikoek. Pronostikoek partida borrokatua eta paretsua iragartzen zuten eta horrela abiatu zen lehia. Lehendabiziko 6 tantoetan lehia bizia izan zuten. Aitor Zubietak eskuinez pilotakada ederrak eman zituen, Pablo Berasaluzeri pilotan sartzea ahalbideratuz. Berrizkoak egoera probestu zuen eta harmailak zoratzen jarri zituen. Lehendabiziko tanto horietan Untoriak 3 akats egin zituen, baina bi bikoteen arteko lehia paretsua bete betean zegoela –6-8 aurreratuta zeuden urdinak–, Oinatz Bengoetxeak eta Alvaro Untoriak pilota baxuago bat hautatu zuten. Pilota horrek partida goitik behera baldintzatu zuen, partida hasieran Aitor Zubietak zuen nagusitasuna orekatu zuelako. Hortik aurrera hasi zen Bengoetxearen errezitaldia. Atzean Untoria sendoa zuela, biak tantoak bata bestearen atzetik pilatzen hasi ziren. Aldiz, bazirudien Pablo Berasaluzeri gainezka egin ziola egoerak. Bengoetxeak erasoan tokia aurkitu zuen. Aldiz, Berasaluze apenas sartu zen jokoan eta egin zuenean ez zen oso fin ibili. Hitz gutxitan, ez zen Berasaluzeren eta Zubietaren eguna izan. Berasaluzeri errematatzea kosta egin zitzaion eta Etxarri Aranazko atzelariak ez zuen gozatu. Bengoetxea izan zen jaun eta jabe eta bukaeran, merezimendu osoz, 7-22 gailendu ziren Bengoetxea eta Untoria.

Zubieta: “Partida euren dinamikara eraman dute eta hori izan da gakoa”
Zubietak eta Berasaluzek onartu zuten Begoetxea eta Untoria beraiek baino gehiago izan zirela. “Partidan biko bakoitza bere jokoa egiten hasi da. Gero beraiek pilota bajuxeago hori atera dute eta hor asmatu egin dute. Partida zaila bilakatu da gure dinamika eta jokatzeko modurako, lau t´erdiaren inguruan jokatu da partida, sotamanoak, boleak… oso partida mugitua zen. Oinatz asko sartu da eta gu Pablo sartzen saiatu gara, baina ezin izan dugu. Eurek partida euren dinamikara eraman dute eta hori izan da gakoa. Tantoa endredatzen joan dira eta egoera horretan egoten da erosoenen Bengoetxea. Hori da finalaz egiten dudan irakurketa” adierazi zuen Aitor Zubietak partida bukaeran. “Guk ez dugu partida bota, beraiek irabazi gaituzte. Gure lana egin eta euren jokoa hobea bada, soilik eurei eskua ematea da geratzen zaiguna” gaineratu zuen etxarriarrak. “Ongi irabazi gaituzte, giro bikaina zegoen eta soilik kantxara ateratzeagatik final honetan egoteak merezi izan du. Penarekin noa baina gustura jokatu dut txapelketan, eta ezinezkoa izan da” nabarmendu zuen etxarriarrak. 2010ean Xalarekin Binakako txapela irabazi zuen Zubietak eta aurten ezin izan du bigarrena jantzi. Baina jarrera positiboarekin azaldu zen medioen aurrean. “Hau ez da funerala, honbre” esan prentsaurrekoa bukatzerakoan.

Binakakoa bukatuta, asteartean berriro ere Aspeko jokalaria izango da etxarriarra.

Giro bikaina Etxarrin
Finala jokatu baino lehen eta finala jokatzen ari zen bitartean giro bikaina zegoen Etxarri Aranatzen. Askok tabernetan jarraitu zuten finala eta beste askok karpan. Izan ere, aurreko astean ospatutako garagardo festako karpa mantentzea erabaki zen, Zubietaren finala zuzenean ikusteko eta ondoren Zubietari harrera egiteko. Etxarriarra txapelik gabe etorri zen baina afaltzera bildu ziren bera eta bere jarraitzaileak. Finalera iristea, hain zuzen ere, ospatzekoa ere badelako.

Ezkurdia-Zabaleta gogoan
Binakakoa despeditzen den honetan, Joseba Ezkurdia eta Jose Jabier Zabaleta pilotari sakandarrak ere gogoan ditugu. Bikote sakandarrak sekulako txapelketa egin du, finalerdietara sailkatu zelako. Gutxigatik ez ziren finalean egon baina bere lana aitortzeko modukoa da. Zabaleta izan da torneoko atzelari onena, Zubietarekin batera.