Aldazen sormen trastelekuak segida izanen du

Guaixe 2015ko mai. 1a, 11:08
David Zambrano ikastaroa ematen. Argazkia: Beniamin Boar.

Etxarriarrak prestakuntza saioetarako sona handiko dantzari atzerritarrak Nafarroara ekartzen segituko duela iragarri du.

Nik izan ez nuen aukera eskaini nahi diet etorkizunean Nafarroako dantzariei. Horixe azaldu du Laida Aldaz Arrieta dantzari etxarriarrak Trastero creativo esperientzia martxan jarri ondoren. Aldazek dantza garaikideko dantzariak trebatzeko ikastaroa antolatzeko ekimena atera berri du estreinakoz. Helburua, Nafarroako dantzariei kalitatezko entrenamendua eskaintzea, teknika berriak beregana ditzaten eta jatorri ezberdineko dantzarien arteko elkartrukea sustatzeko.

David Zambrano artista handiarekin ikastaroa antolatu zuen apirilaren 13tik 17ra. Hark flying low edo zoruarekin harremanetan dantza egiteko teknika irakatsi zien ikasleei; “lurretik nola sartu eta atera, ahalegin gutxiena erabiliz”, azaldu digu Aldazek. Gaineratuz inprobisazioa ere landu zutela.

Zambranoren esanetara 40 ikasle trebatu ziren Atarrabiako kultur etxean. Euskal Herrikoak ziren gehienak, bi sakandar barne. Baita Madril, Valentzia, Galizia, Bartzelona, London eta Singapurrekoak ere. Gainera, Zambranok berak hilaren 15ean, Iruñeko Gaiarre antzokian, inprobisazio labur bat eskaini zuen. Ondoren, Aldazek hura elkarrizketatu zuen, “jendeak zertan dabilen jakin dezan eta haren bizitza nolakoa den jakin dezan”.

Ikastaro antolatzaile gisa izandako aurreneko esperientzia “oso ondo atera” dela esan digu Aldazek: “Nafarroan dantza garaikidearen inguruko proposamen berri bat eskaini dudalako jendea oso eskertuta dago. Oso ondo antolatuta egon dela esan didate eta proposamen berrien zain daudela ere”. Horrek guztiak bide horretan aurrera segitzea animatu du Aldaz.