Baratzera jantzita joateko

Guaixe 2015ko mai. 1a, 11:11

Mandoibai elkarteak baratzen inguruko prestakuntza saioak antolatu ditu.

Lurrari buelta eman, makinatu eta baratza lantzen hasi dira azken asteetan makina bat sakandar. Baratzeetan dagoeneko letxugak eta bestelakoak landatuak dituzte aurreratuen ibili direnak. Baratzean ibiltzeko garaia iritsi da gurera. Eta baratzean ibiltzeko jantzi egin behar dela uste du Mandoibai elkarteak prestakuntza saioak eta elikadurari buruzko saioak antolatu ditu.

Larunbatean zazpikote bat sukaldaritza makrobiotikoko ikastaroan parte hartu zuen. Gaur, berriz, Bide berriak: elikadura burujabetza Euskal Herrian dokumentala ikusteko aukera izanen da gaztetxean, 18:00etan. Nekazaritza-industria ereduak ekonomian eta ingurumenean eragindako ondorio kaltegarriak erakustearekin batera, zazpi lurraldeetako esperientzien bidez elikadura burujabetza Euskal Herrian nola ari den gauzatzen azaltzen da. Egungo sistematik kanpoko alternatiba errealak sortzeko eta pertsonei bizitza duina eskaintzen dien alternatibak sortzeko deia.  

Adituen hitzaldiak  
Maiatzaren 21ean Jakoba Errekondok Etxarri Aranatzen hitzaldia emanen du. Bizi baratzea, garaian garaikoa garaiz (2015, Argia) liburu argitaratu berria besapean duela etorriko da kultur etxera. Kolonbiatik, berriz, Jairo Restrepo Rivera etorriko da maiatzaren 26an. Nekazaritza birsortzailean munduko aditu ezagunetariko bat da. Restrepok nekazaritza ekologikoa modu askatzaile batean planteatzen du: burujabetza elikagaiak sortzeko, burujabe bizitza birsortzeko. Aitzinako ezagutzak eta egungoak modu erakargarrian uztartzen ditu.

Mandoibai elkarteak garagarrilerako nekazaritza birsortzaileari eta hugekulturri buruzko bi ikastaro antolatu ditu. Azken hori Austria aldean erabiltzen duten teknika bat da. Lurra basoetan modu natural batean sortzen da eta prozesu hori oinarritzat hartuta, lur pobrea dagoen tokietan lurra sortzen du hugekultur teknikak.

Mandoibai elkartea
Herri baratzen proiektuak aurrera jarraitzen du Etxarri Aranazko Mandoibai dermioan. Udalak utzitako lursailean baratze publikoak kudeatzen ari dira hamar etxarriar eta haiek sortu dute Mandoibai elkartea. Herri baratzen proiektua etxarriar guztiei zabalik dagoela gogorarazi, eta proiektua ezagutzeko handik pasatzeko gonbitea luzatu dute.