Sabotajea trenbidean

Guaixe 2015ko mai. 4a, 15:27

Ostiralean, 16:30 aldera, trenbideko katenariako kableei eusten dieten kontrapisuak moztu zituzten Etxarri Aranatzen. Aurretik Agurainen ere antzeko zerbait gertatu zen. Sabotajearen ondorioz, Renfek tren zirkulazioa eten egin behar izan zuen, haiek ibiltzeko behar bezalako argindar hornidurarik ezin zutelako jaso. Konponketak sei ordu iraun zuen eta trenbidea 23:00etarako erabilgarri gelditu zen.

Denbora tarte horretan zortzi trenen ohiko jarduna aldatu behar izan zuen Renfek: distantzia ertaineko bost eta distantzia luzeko beste hiru. Lehengoetako bidaiariak autobusez eraman zituzten euren destinora; bigarrenetakoak, berriz, Logroñoko geltokian barna bideratu zituzten. Guztira 500 bat bidaiariri eragin zien sabotajeak.