ETAren biktimen lekukotza dokumentalean

Guaixe 2015ko mai. 6a, 17:13
Jose Ignacio Ulaiarrek dokumentalerako bere lekukotza eman du.

Testigantza ematen dutenen artean Jose Ignacio Ulaiarrena, 1979an Etxarri Aranatzen hil zuten Salvador Ulaiar alkatearen semearena, eta Jose Aguilarrena, 1988an Altsasun zauritu zuten guardia zibilarena, daude, beste bederatzirekin batera.

Nafarroako Gobernuak sustatuta Berunezko kontakizunak proiektua koordinatu zuen Javier Marrodan kazetariak. Hiru liburutan eta web orri batean ETAren jardunak Nafarroan utzi duen arrastoa jaso nahi izan du. Lan horretan oinarrituta Navarra Televisionek Relatos de plomo dokumentala egin du, atzo Iruñean mustu zena.

Nafarroako Gobernuko eledun Juan Luis Sanchez de Muniainek azaldu duenez, “ETAren 11 biktima terrorismoak Nafarroan eragindako ondorioei buruzko dokumentaleko protagonistak dira”. Eledunak gogora ekarri du Berunezko kontakizunak proiektuaren helburu nagusia "iritzi publikoari eta, bereziki, belaunaldi berriei, demokrazia, tolerantzia eta errespetua era aktiboan defendatzeak zer garrantzi duen helaraztea dela, gorrotoaren inguruan ez hezteko eta indarkeria tresna politiko modura ez justifikatzeko".

Horretatik, Sanchez de Muniainek adierazi duenez, “terrorismoko biktimen mezuak justiziaz, demokraziaren babesaz, tolerantziaz, eta barkamenaz ere hitz egiten du beti. Haien testigantza funtsezkoa da gure demokrazia sendotzeko, finkatzeko eta baita lehenera ekartzeko ere".

www.relatosdeplomo.es
Dokumentala osorik eta testigantzak banaka ikusteko aukera dago. Baita Berunezko Kontakizunak proiektua ezagutzeko aukera.