Aztnugal ez ikertzeagatik Europak Espainia zigortu du

Guaixe 2015ko mai. 6a, 20:01
Epaiketa politikoen kontra Olatzagutian egindako kontzentrazioa.

Patxi Arratibel Gartziandiaren tortura salaketa ikertu ez zelako Estrasburgoko Giza Eskubideen Nazioarteko Auzitegiak Espainia zigortu du.

Ekinen kontrako sarekada batean atxilotu zuten Patxi Arratibel Gartziandia 2011ko ilbeltzaren 18an. Inkomunikatuta egon zen bost egunetan hainbat aldiz buruan poltsa jarri ziotela eta kolpe ugari eman zizkiotela salatu zuen etxarriarrak. Baita senide eta hurbileko lagunekin mehatxu ugari egin zizkiotela eta bortxatzeko eta elektrodoak jartzeko imintzioak egin ziotela ere. Etxarriarrak polizi deklarazioan, bere sinaduraren ondoren aztnugal idatzi zuen. Hau da, laguntza atzekoz aldera idatzita. Arratibelek epaileari jakinarazi zion “babesik gabeko egoera izugarri horren aurrean, tortura saio gogorren erdian, laguntza behar zuela”.

Iruñeko Auzitegiak ez zuen salaketa aintzat hartu eta, ondoren, Nafarroako Probintzi Auzitegiak eta Espainiako Konstituzio Auzitegiak erabaki harri jarritako helegitea atzera bota zuten. Estrasburgora jo zuen Arratibelek eta orain arrazoia eman dio auzitegiak, ebatzi baitu “ikerketa sakon eta eraginkorrik” ez dela egon, are gehiago kontuan hartuta atxilotua inkomunikatuta egoteak “agintariek ahalegin handiagoa” eskatzen duela. Giza Eskubideen Europako Itunaren 3. puntua urratzeagatik zigortu dute Espainia. Arratibelek 18 hilabete egin zituen espetxean eta gaur egun epaiketa zain dago.