Beste txapela bat Joanes Bakaikoarendako

Guaixe 2015ko mai. 11a, 12:39

Espainiako 22 urtez azpiko Txapelketako buruz buruko txapelduna da etxarriarra

Iruñeko Labritek Espainiako 22 urtez azpiko Txapelketako buruz buruko finala hartu zuen igandean, Labriten. Erreka klubean dabilen Joanes Bakaikoa etxarriarrak ordezkatu zuen Nafarroa, Errioxako Rodrigo Marinen kontra aritzeko. Nahiz eta Bakaikoak 18 urte izan eta jubenilen mailan lehiatu, 19 urteko Rodrigo Marin menpean hartu zuen.

Lehen jokoan erraz gailendu zen bakaikoa, 2-10, sakez 6 tanto egin eta gero. Bigarren jokoan emozio gehiago egon zen. 3-0 galtzen hasi zen Bakaikoa, baina partidari buelta eman zion eta 6-10 irabazi zuen. Hortaz, txapela berarendako izan zen, bi jokoak irabazi baitzituen. Etxarriarra buruz buruan bikain moldatu zen, sakean fin ibili zen eta ongi mugitu zuen pilota.