Zubietak agur buruz burukoari

Guaixe 2015ko mai. 12a, 08:51

Altuna III.ak 4 tantotan utzi zuen etxarriarra

Jokin Altunak Aitor Zubieta goitik behera hartu zuen menpean astelehenean Tolosan jokatutako buruz buruko final zortzirenetako azken partidan. Amezketarrak 22-4 irabazi zion etxarriarrari. Apustuak Altunaren alde atera ziren hasieratik, eta ez ziren okertu. Altuna III.ak 10 tanto egin zizkion sakez Zubietari eta airean eta errematean agindu zuen. Hasieratik galduta egon zen etxarriarra eta kalbario latza bizi izan zuen. Amonaren heriotza zela eta, partidara ukituta iritsi zen etxarriarra, baina hori ez zela eskusa berretsi zuen. “Jokinek ongi jokatu du eta ni baino azkarragoa izan da. Buru hobea izan du eta kitto” nabarmendu zuen.

Etxarriarrak partida bukaeran azaldu zuen buruz buru jokatzen duen azken partida izango dela astelehenekoa. “Pilotariren batek entrenatzeko laguntza eskatzen badit lagunduko diot, baina hau da buruz buru jokatzen dudan azken partida. Gustuko dudan diziplina da, baina argi ikusi dut prestatuta dudan gidoitik ateratzen banaute, gaizki nabilela” aitortu zuen etxarriarrak.

Hortaz, buruz burukoan ordezkari sakandarrik gabe geratu gara.