Euskararen etsaiak dira euskararen beldur direnak. Badakite euskal hiztunen kopurua handitzeak euskal identitatea indartu dezakeela eta horrek espainiar nazio proiektua ahuldu edo arriskuan jar dezakeela. Eurek ere euskara ondasuntzat dutela esanen dute, baina hilzorian eduki nahiko dute. Hala, euskarazko hedabideei eta euskarazko kultur ekoizpenari diru-laguntzak kenduko dizkiete, administrazio lanetarako ez dute euskaldunik kontratatuko, D ereduaren kontra egiteko ingelesezko ereduak asmatuko dituzte, Nafarroaren zonifikazioa defendatu eta zonalde bakoitzeko legedia are gehiago bihurrituko dute, UEMAn dauden herriak UEMAtik ateratzen saiatuko dira…
Euskararen etsaiak.
Euskaldunok, euskaltzaleok, ez diegu gure botorik emanen.
Eta horretaz gain, Etxarrin ekimen bat jarri dugu abian hauteskundeen harira: maiatzaren 22an, ostirala, 19:30ean elkartuko gara plazan euskararen etsai diren alderdien propaganda-orriak postontzira botaz bueltan bidaltzeko. Propaganda erdara hutsez bidali digutenena adibidez, eurek mugaturiko “zona vascofona” honetarako gutunetan ere euskara baztertzeko lotsagabekeria dutenena.
Ekarri propaganda hori guztia Etxarriko plazara maiatzaren 22an, euskaltzale. Batera esanen diegu gure kontrako politika eta mespretxurik ez dugula onartuko.